"Ez da kasualitatea inoiz baino neska gehiago animatzea aurten"

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko uzt. 16a, 13:57

Traineruen liga duela bi asteburu hasi zen, baina Orioko arraun elkartea liga baino gehiago da. Krisi ekonomikoaz, zuzendaritzako lehen urteaz eta harrobiaren indarraz aritu da HITZA Esnaolarekin.

Futbola utzi eta arraunera salto. Arraunera, baina zuzendaritzara. Irailetik, Orio Arraun Elkarteko presidentea da Iosu Esnaola (Orio, 1986). COVID-19 gaitza medio, lehen urte berezia bizitzen ari da.

Duela bi asteburu hasi zen traineruen liga. Zer moduz ekin dio Oriok?

Egia esan, ondo, emaitzekin gustura. Bi traineruak lider itzuli ziren Coruñatik [Galizia]. Neskek, gainera, bandera irabazi zuten, aldaketak eginda eta jende gazteak debutatuta; ezin da gehiago eskatu. Asteburuan ere primeran aritu ziren; Donostian bandera irabazi zuten. Zierbenan [Bizkaia] goi-goian ikusi ginen, baina azken bi minutuetan alde egin zigun banderak. Uste dut hori ona dela, aurpegia ematen ari garelako banderen lehian. Mutilekin berdin: ikusi da huts bat egiten duzunean –kaleak edo itsasoak laguntzen ez duelako– atzean geratzen zarela. Kalterako izan zaigu hori orain, baina aldi berean, arrauna ikusgarriago egiten du horrek.

Futbolaria izatetik Orioko zuzendari izatera pasatu zara. Zer zerikusi dute bi arloek?

Betidanik lotura estuagoa izan dut arraunarekin. Nire etxean traineruen argazkiak egon dira, ez futbolarienak. Sentimendutik gehiago du arraunak niretzat. Futbolean ondo moldatzen nintzen eta nahi eta ahal izan arte jokatu dut. Baina gauza bakoitzak bere epeak izaten ditu, eta horrela izan da.

Erabat lan ezberdinak dira.

Zortea daukat lantalde zoragarria daukadalako atzean. Oso onak dira bakoitza bere lanean, eta lehen unetik laguntza handia sentitu dut. Ni koordinazioaz arduratzen naiz: zuzendaritzakoon artean, harrobiko taldeen artean eta abar. Gertatzen den guztiaren jakitun izan behar dut, eta aurpegia eman askotan.

Lehen urtea duzu zuzendari, eta a zer nolako urtea: koronabirusak bazter guztiak kolpatu ditu. Nola eragin du horrek klubean?

Kostatu egin zaigu aurrera egitea, eta ez genekien zer etor zitekeen. Zorionez, babesleen aldetik, alde ekonomikotik, jendeak ateak ireki dizkigu aurreneko momentutik. Alarma egoerako faseetatik atera ginenetik jende askok jarraitzen du deitzen, laguntzen eta babesten. Oso eskertuta gaude. Koronabirusak alde onak eta alde txarrak ekarri ditu. Publizitate aldetik egon daiteke aukera bat aurrera egiteko. Jendeak ezin badu estropadetara joan, telebistan aukera egongo da hori saltzeko. Momentua aprobetxatu behar da.

Zer-nolako protokoloa daukazue klubean?

Klub guztietan antzera gaudela uste dut: eraikin osoan beharrezkoa da maskara erabiltzea, uretara irten aurretik beti jantzi behar da maskara, bazter guztietan eskuak garbitzeko potea dago eta ontziak eta material guztia desinfektatzen ditugu erabiltzen ditugun aldiro. Gauza normalak dira, denok egin beharko genituzkeenak. Baina, azkenean, gure instalazioetan arauak goitik behera beteta ere, ezin dugu hemendik kanpo gertatzen denaren kargu egin.

Kezka nagusietako bat zera izan daiteke: zer gertatuko litzateke arraunlari batek PCR proban positibo emango balu?

Ez dut pentsatu ere egin nahi horretan, baina gertatuko balitz, aurre egin beharko zaio. Primerako medikua daukagu klubean, eta norbaitek sintomarik izanez gero, harengana edo Osakidetzara jo beharko luke. Kutsatuta dagoela frogatuz gero, Osakidetza behartuta dago ardura hartzera eta klubean ibiltzen garen guztioi test serologikoak egitera. Kasu gehiago baleude, itxi egin beharko genuke guztia.

Eta zer gertatuko litzateke lehiaketarekin?

Galduko liratekeen estropada kopuruaren araberakoa izango litzateke hori. Asteburu bateko estropada galdu daiteke etxean geratzeagatik, baina hortik aurrera, asko da. Aldagai asko daude, gainera: agian traineru bat baino gehiago izan daitezke kutsatuak. Horrelako kasuak jasota ditu TKEren aurtengo araudiak.

"Koronabirusa izan daiteke aukera bat arrauna telebistan saltzeko"

Nola daude animoak klubean?

Gogotsu gaude zuzendaritzan, baina guri gogoa erakutsi digutenak arraunlariak izan dira. Bi hilabete pasatu dituzte etxean arraun gosez, eta beraiek izan dira etxeko edozein bazterretan entrenatzen aritu direnak.

Elkartu ahal izan genuen lehenengo egunean bildu ginen guztiok klubean. Jon [Salsamendi] eta Xanti [Zabaleta] prestatzaileekin nahiz arraunlariekin hitz egin eta egoera aztertu genuen, eta denek baiezkoa eman zuten aurrera jarraitzeko. Hori baino motibazio handiagorik ez dago. Beraiek hala nahi badute, zer gutxiago. Beraiek hori nahi badute, guk lagundu egin behar diegu bide hori ahalik eta errazena izan dadin.

Traineruen denboraldia hasi da, baina trainerilak, batelak eta ontzi mugikorrak lehorrean dira.

Harrobia martxan da jada, beste taldeak bezalaxe. Pixkanaka hasi ginen, klubean deseskalada moduko bat planteatuta: jubeniletatik hasi, eta pixkana-pixkana, gazteak entrenatzen hasi dira.

Entrenatzen jarraitzen dugu, eta txapelketak egon egongo Atal hau babesten dute: dira. Euskadiko Federazioarekin egutegia osatzen ari gara egunotan, baina ikusteke dago maila egokian iritsiko ote diren arraunlariak, ezta iritsiko diren ere.

Harrobi handiko kluba da Orio.

Eta harrobiko lana egiten jarraitu behar dugu. Orain uretan entrenatzen aritzea ez da txapelketak jokatzeko bakarrik, baizik eta datorren urtean oraindik eta hobeak izateko. Eta horrela goaz egunetik egunera. Txapelketak jokatzeko aukera badago, primeran, baina azken finean, gaurko lana biharko emaitza izango da. Horretan oinarritu behar gara egunero.

"Gaurko lana biharko emaitza izango da; horretan oinarritu behar gara"

Sekulako denboraldia egin zuen iaz Oriok.

Harrobia indartzen laguntzen du horrek, ezta? Emaitzek laguntzen dute horretan, jakina. Ez da kasualitatea: iaz emakumezkoek lehen aldiz Kontxako Bandera eta liga irabazi zituzten, eta aurten, alebinetan inoiz baino gazte gehiago izan ditugu. Zehazki, 46 gazte inguru dira, eta erdiak baino gehiago neskak. Bandera asko irabazi ziren iaz, harrera asko egin ziren plazan, eta horrelakoetan piztu egiten da arraunerako grina.

Esango nuke Orion betidanik egon dela arraunerako grin hori. Futbolak, saskibaloiak eta eskubaloiak leku askotan gain hartzen dute herriko gazteak mugitzerakoan, baina Orion behintzat, gazteak animatzen dira arrauna probatzera. Gainera, ikusten duguna da harrobi eder bat daukagula, eta primeran osatzen ari dela: KAE1ean dabilen Orio, adibidez. Hori da aurrera egiteko guretzako bidea; sinesten dugu horrela dela.

Gazte horiek lau estropadatan debutatzen eta bandera irabazten ikusi ahal izan dira.

Hori baino ezer politagorik ez dago. Kanpotik datozenak eskuzabalik hartzen ditugu, noski, baina herriko seme-alabak gure klubean izatea oso garrantzitsua da guretzat.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!