Igande honetan jokatuko dira Orio Kanpina VIII. Bandera eta Orioko XXX. Estropada

Onintza Lete Arrieta 2020ko uzt. 17a, 08:50
(Argazkia: Orio Arraunketa Elkartea)

Itsasoan izango da estropada, eta Orioko Udalak zaletuei jakinarazi die ez dela aukerarik egongo estropadak bertatik bertara ikusteko, ez kanpoko espigoitik, ez Itxaspebideko aldapatik, osasun egoerak hala behartuta. "Zuhurtzia, ardura eta elkartasuna" eskatu ditu Anuska Esnal alkateak. 

Orioko arraunak egun handia du igandekoa. Izan ere, urtero bezala, bi bandera jokatuko dira herrian, bata Eusko Label ligakoa, eta Euskotren ligakoa bestea. Emakumezkoena VIII. Orio Kanpina bandera izango da, eta gizonezkoena, berriz, Orioko XXX. Estropada.

Bi banderak atzo eguerdian aurkeztu zituzten arraun klubak eta udalak kanpinean bertan. Alderdi guztietako zinegotziak egon ziren bertan Iosu Esnaola Orio Arraunketa Elkarteko presidentearekin.

Ez da gutxi COVID-19 birusak eragindako krisi garaiotan estropadak jokatu ahal izatea, baina horiek ikuslerik gabe egin beharko direla jakinarazi zuen atzo udalak. Zaletuak ezingo dira bertaratu ez kanpoko espigoira, ez Itxaspebideko aldapara. Hala, Anuska Esnal alkateak "zuhurtzia, ardura eta elkartasuna" eskatu zizkien herritarrei, "hori delako ekintza solidarioa". Estropadak telebistaz ikusteko eskatu zuen.

Eskaera bera egin du Getariako Udalak ere. Izan ere, bezperan, larunbatean, han jokatuko dira KAE1, KAE2 eta ETE ligetako estropadak.

 

Arraunlarien fitxak ikusi nahi? Egutegia? Albisteak?

Sartu KARKARAren ARRAUN ATALEAN.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!