Donostiarrak irabazi du Orioko Kanpina bandera

Amaia Urbieta Arruti 2020ko uzt. 19a, 12:57

Oriotarrek ezin izan dute etxeko bandera irabazi; donostiarrek baino zazpi segundo beranduago gurutzatu dute helmuga.

Ligaren ekuatorea zeharkatu dute gaur Euskotreneko arraunlariek. Gero eta garbiagoa da lehia Donostiarraren eta Orioren artean egongo dela. Gaur donostiarrek bigarren bandera eskuratu dute, eta oriotarrek lau dituzte dagoeneko.

Orio lehen kaletik atera da gaurko itsaso zabaleko estropadan, ura bare samar zela. Lau kaleetako bat hutsik zela jokatu dute, Arraun Lagunak taldeko arraunlari batek koronabirusaren proban positibo eman duelako; orain taldekide guztiei egin behar diete proba.

Apurka-apurka Donostiarra trainerua Oriorekiko aldea handitzen joan da, eta bigarren luzearen amaierarako zazpi segundoko aldea atera diete oriotarrei. 10:51ko denbora egin dute donostiarrek, eta Oriok 10:59koa. Hondarribia oso atzetik heldu da helmugara, donostiarrak baino 30 segundo beranduago (11:22).

Xabier Sukiak ETBri esan dio estropada "gogorra" izan dela, baina Ligari begira erregulartasuna oso garrantzitsua izango dela, eta horretan ongi dabiltza oriotarrak.

Gaurko puntuen banaketaren ostean, Donostiarrako Nadia Tubiok lidertza kendu dio Nadeth Agirreri patroi onenaren lehian.

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!