Dikeko eta Kofradiako hirigintza plana herritarrei azaltzeko informazio saioa egingo dute ostegunean

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko uzt. 20a, 11:29

Bihartik uztailaren 30era bitartean, hirigintza planaren erakusketa egongo da zabalik Arraunetxen, eta herritarrek proiektua ezagutzeko aukera izango dute.

Orioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra Dikeko eta Kofradiako eremu ez-jarraituan aldatzeko tramitazioa abiatu du Orioko Udalak eta, eta herritarrek ere zeresana izan dezaten parte hartze prozesu bat jarri du martxan, aldaketaren sustatzailearekin batera.

Alde batetik, hirigintza planaren erakusketa jarriko dute Arraunetxen.  Bihartik uztailaren 30era izango da irekita, eta herritarrek bisitatu ahal izango dute. Hala, Dikeko eta Kofradiako eremu ez-jarraituan aurreikusten den garapena azalduko da panelez bidez, eta datu zehatzak ere emango dituzte: eraikiko den etxe-kopurua, horien ezaugarriak, espazioen antolamendua, dotazioak… Erakusketa irekitzearekin batera, Udalak parte hartze prozesuari dagozkion dokumentuak zintzilikatuko ditu orio.eus webgunean, eta gaiarekiko interesa dutenek aukera izango dute etxetik deskargatzeko eta aztertzeko.

Horrez gain, informazio saioa ere egingo dute proiektua sakonago azaltzeko. Hilaren 23an, ostegunean, izango da, 19:00etan hasita, Arraunetxen. Bileran xehetasunez azalduko dituzte planeamendu-aldaketaren alternatibak eta helburuak, proposamenak, egindako txostenak eta abar. Proiektua idatzi duen taldeak gidatuko du informazio saioa eta bileran parte hartzen duten herritarren galderei erantzungo die, proiektuaren arrazoiak eta justifikazioak argituz.

Informazio-saioa egin ondoren, 10 eguneko epea irekiko da interesa duen edozein herritar edo elkartek egoki iruditzen zaizkion iradokizunak edo alegazioak aurkezteko.

Erakusketa egun eta ordu hauetan izango da zabalik:

  • Uztailak 21, 18:00 - 20:00
  • Uztailak 22, 10:00 - 12:00 eta 18:00 - 20:00
  • Uztailak 23, 10:00 - 12:00
  • Uztailak 27, 18:00 - 20:00
  • Uztailak 28, 10:00 - 12:00
  • Uztailak 29, 18:00 - 20:00
  • Uztailak 30, 10:00 - 12:00

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!