Orioko Udala: "Osakidetzak, oraingoz, ez du aurreikusten tabernan bezero izan diren herritarrei probarik egitea"

Karkara 2020ko uzt. 20a, 16:19

Orioko malekoia. Artxiboko irudia

Azken egunetan herrian atzeman dituzten COVID-19 kasu positiboen harira, gaia argitu eta  lasaitasun mezua helarazi nahi izan du Orioko Udalak.

Azken egunotan kezka sortu da herrian, hainbat positibo atzeman dituztelako Zarauzko agerraldiaren harira egindako probetan. Horren aurrean, gaia argitu eta lasaitasun mezua helarazi nahi izan du Orioko Udalak. Gainera, azpimarratu du Osakidetza kasu positiboen jarraipen estua egiten ari dela.

Batetik, positibo eman du Udalak eta Txurrumuskik antolatutako Udan Elkar Zaintzen programako begirale batek. Osakidetzak PCR probak egiten ari da begirale guztiei eta positiboarekin harreman zuzena izan duten haurrei, eta orain arte emaitza guztiek negatibo eman dute. Hala, Udaleko arduradunek azaldu dute Udan Elkar Zaintzen programa antolatzerakoan, oso kontuan izan zutela horrelako egoera gertatu zitezkeela eta, horregatik, "ondo trazatu" ahal izan dituztela gaixotasuna kutsatzeko arriskua zuten pertsonak. "Hori dela eta, Osakidetzak kutsatzeko arriskua zutenak bakarrik deitu ditu proba egitera. Proba egiteko deia jaso ez duten haurren gurasoak, beraz, lasai egon daitezke".

Bestetik, hondartza inguruko taberna bateko zerbitzari batek ere positibo eman du probetan. Taberna dagoeneko itxita dago eta Osakidetza ari da zerbitzariarekin harremana izan duten pertsonen segimendua eta probak egiten. Orain arteko proba guztiek negatibo eman dute, baina, segurtasun neurri gisa, tabernako langileak isolatuta daude etxean. "Osakidetzak baloratuko du proba gehiago egiteko premia, ezarrita dauzkan protokoloen arabera, eta, oraingoz, ez du aurreikusten tabernan bezero izan diren herritarrei probarik egitea". Beraz, Udalak eskatu die herritarrei lasai egoteko eta ez egiteko kasu sare sozialen bitartez zabaltzen ari diren mezu alarmistei.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!