Errauste plantaren eta hondakinen gaia berriz ere mahai gaineratzen

Onintza Lete Arrieta 2020ko uzt. 29a, 11:01
Ezkerretik hasita, Asier Sarasola, Enara Etxeberria eta Ane Garcia (Onintza Lete Arrieta)

Herritar talde bat elkartu da Orion hondakinen kudeaketaz informatu, hausnartu eta kontzientziatzeko, maiatzean Arkaitz-Errekan egon zen isurketak horretara animatuta. Enara Etxeberria, Asier Sarasola eta Ane Garcia dira talde horretako hiru kide.

"Oria ibaira doan Arkaitz-Errekan ehunka arrain hilda agertu zirenean elkartu ginen lagun talde bat, ikusita nolako oihartzun eskasa eduki zuen erraustegiko isurketa hark herrian. Gurasoek haurrekin berdin-berdin jarraitu zuten moilan, arranplan nahiz hondartzan bainatzen, eta pentsatu genuen horren aurrean zerbait egin behar genuela". Enara Etxeberria, Asier Sarasola eta Ane Garcia oriotarrak dira lagun talde horretako hiru kide, eta Zubietako errauste plantaren aurkako borrokan nahiz zaborraren kudeaketaren inguruan, datozen hilabeteetarako dituzten asmoen berri eman dute. 

Berez pasa den astebururako zituzten prestatuta errauste plantari eta ingurumenari buruzko hitzaldia, dokumental emanaldia eta giza katea, baina aste horretan bertan erabaki zuten atzeratzea, "aurreko egunetan herrian eta inguruan egondako koronabirus kasu berri kopuruagatik". Ekintza horiek irailean egingo dituzte printzipioz, eta abuztua aprobetxatuko dute, berriz, herrian informazio eta kontzientziazio lana egiteko. Kartelak jartzeko asmoa dute, baita pankartak ere, bai erraustegiaz, bai birziklapenaz. "Orioko birziklapen tasa ikusita, uste dugu badagoela zer egina gai horren inguruan". 

Taldeak badaki "oso zaila" izango dela dagoeneko eraikita dagoen eta laster martxan egongo den errauste planta bat gelditzea, "baina gure esku dago hori hor egotea, edo mugitzea". Taldearen helburu nagusia, hala ere, da "gaia mahai gainean jarri, hausnarketa egin, eta jendearekin partekatzea zer egin daitekeen, zer izan daitekeen konponbidea... Denok dakigu luzera begira oso kaltegarria dela errauste planta. Guk lanik egin behar ez izateko soluzio magiko gisa saldu digute, baina horrek dituen kostuak izugarriak dira alde guztietatik, eta gure asmoa da hausnarketa planteatzea beste herri askotan egin den bezala. Ez da Erraustegia ez esan eta kito. Zaborraren arazoa denona da, eta denon artean gauzak ondo egiten baditugu, errauste planta ez da beharrezkoa izango". Kezka ez die soilik Zubietako plantak sortzen, gainera. "Itsasoa hemen dago, airea... Arazoa zabalagoa da, mundu mailakoa, eta denoi dagokigu horren aurrean zerbait egitea".


Kontzientzia "gutxi"


Etxeberriak, Sarasolak eta Garciak uste dute hondakinen kudeaketaz informazioa egon badagoela, eta hori herritarren eskura dagoela. Ordea, argi dute kontzientziazioa falta dela gizartean, eta horretan eragin nahi dute. "Preokupazio falta nabari dugu. Gai hori, hain gertu eduki eta hainbeste eragin arren, guztiz gure kezketatik kanpo dagoela uste dugu". 

Herritarrak kontzientziatzeaz gain, herriko eragileekin harremanetan jartzeko asmoa ere badute, baina lan hori ere irailean egingo dute. "Hausnarketa egitea ere bazen gure asmoa asteburu horretan bertaratzen zen jendearekin eta eragileekin, ikusteko aurrera begira zer egin genezakeen, bai guk, bai eragileek". 

Agintariei dagokienez, ikusi dute Usurbilgo Udalak errekako isurketaren ondoren berehala atera zuela oharra, eta uste dute ondo legokeela Orioko Udalak ere halako zerbait egitea, baita garai batean udaletxean osatu zen mahai berdea berriz aktibatzea ere, ingurumenaz eta zaborren kudeaketaz herritarrekin eta eragileekin elkarlana egiteko.


Lehengoa berreskuratzen


Erraustegiaren kontrako mugimendu hau bere hasierako momentuetan dago talde gisa. Batetik, ez delako talde antolatu bat, eta bestetik, helburu berak dituzten beste talde edo elkarteekin oraindik harremanik ez duelako. "Orain elkartzen garen jendea aurrez herri mugimenduan edo elkarteetan ibili garen jendea gara, eta orain berreskuratze bat bezalakoa izan da, garai batean egon zelako Orion Zero Zabor taldea, gazte asanbladan ere egiten zirelako ekintza dezente gaiaren inguruan... Mugimendu hori berreskuratzen ari gara", azaldu dute. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!