Nagusi izan dira Orioko neskak Zarauzko lehen estropadan

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abu. 15a, 20:29

Azken estropadara arte borrokatuko dutela adierazi diote aste honetan KARKARAri Xanti Zabaleta taldeko entrenatzaileak eta Itziar Olasagasti arraunlariak. Pauso bakar bat baino ez zaie falta liga amaiera borobiltzeko eta, zalantzarik gabe, etxeko lanak ondo eginda iritsiko dira bihar azken txanpara.

Benetan gozoa ari da izaten denboraldi amaiera Orioko emakumezkoen traineruarentzat. Matematikoki Euskotren liga irabazita eduki arren, Zarauzko Ikurrinagatik gogor borrokatzeko asmoz ureratu dira eta, oraingoz, bide onetik doaz. 

Lehen luzearen hasieran Donostiarra joan da estropada buruan, eta biak segundo baten barruan ibili badira ere, aurrea hartu dio lehen ziabogan Oriok. Abaila bizia hartu dute, eta nagusi izan dira bigarren luzean ere. Uneren batean izan dute estuasunik eta donostiarrak bi segundora jarri zaizkie, baina aise berreskuratu du aldea Oriok eta, azkenean, Donostiarra baino hamar segundo lehenago helmugaratu dira. 

Eguneko beste poza Nadeth Agirre patroiak eman du: patroi onenaren sarian lehen postua berreskuratu du oriotarrak. Bihar erabakiko da mailot preziatua bietako nork eramango duen, baina, gaur gaurkoz, Agirre oriotarra Nadia Tubio donostiarraren aurretik dago.

Guzti-guztia ez dago erabakita, baina, zalantzarik gabe, aukera handia dute bihar oriotarrek Zarauzko Ikurrina etxeratzeko. Hemen daude entzungai elkarteko komunikazioaz arduratzen den Xabier Sukiak estropada amaieran egindako adierazpenak:

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!