Zourdine Thior: "Oso gustura nago proiektu berriarekin"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko abu. 18a, 09:25

Zourdine Thiorrek Associação Académica de Coimbra taldearekin jokatuko du aurrerantzean. Oriotarra Portugalen da dagoeneko, eta gaur ekingo die entrenamendu saioei talde berriarekin.

Realak jakinarazi du hitzarmena sinatu duela Portugalgo Associação Académica de Coimbra taldearekin Zourdine Thiorrek bertan joka dezan. Oriotarra Portugalen da dagoeneko, eta gaur ekingo die entrenamendu saioei Coimbra taldearekin. Thiorrek aitortu du "oso gustura" dagoela proiektu berriarekin, baina badu herrimina ere. "Hasiera nahiko tristea izan da niretzat, atzean utzi ditudalako familia eta lagunak. Dena dela, oso ondo hartu naute Portugalen eta gustura nago hemen. Gainera, lagunen babesa izan dut beti, eta hori oso garrantzitsua izan da niretzat proiektu berriaren aldeko apostua egiteko orduan", azaldu dio Thiorrek KARKARAri. Académica de Coimbra historia handiko taldea da, eta, gaur egun, Liga de Honran jokatzen du, Portugalgo bigarren mailako futbol ligan, hain zuzen ere.

"Onena" opa dio Realak Thiorri
Realak bere esker ona adierazi dio Zourdine Thiorri klubaren alde erakutsi duen konpromisoagatik. Jubenila zela iritsi zen oriotarra taldera, eta bide polita egin du bertan. Horregatik, Realak "onena" opa dio bere etorkizun pertsonal eta profesionalean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!