Jon Azkue omendu zuten II. Karela Torneoan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko abu. 18a, 10:59
Jon Azkue eta Anuska Esnal Orioko alkatea, II. Karela Torneoan. (Orio Eragin)

Orio Eraginek nabarmendu du klubaren balioak islatzen dituela Jon Azkue eskubaloi jokalari oriotarrak: lana, konstantzia eta kiroltasuna, besteak beste.

Larunbat goizean, II. Karela Torneoa jokatu zen Orioko kiroldegian, Orio Eragin eskubaloi klubak antolatuta. Bidasoa eta Huesca taldeek norgehiagoka polita jokatu zuten, eta 31-25 emaitzarekin gailendu ziren irundarrak. Dena dela, aurre denboraldiko partida baino gehiago izan zen larunbateko hitzordua, Orio Eragin klubak omenaldia egin ziolako Jon Azkue Bidasoako eskubaloi jokalari oriotarrari. "Iaz erabaki genuen Karela torneoan gure klubaren balioak transmititzen dituzten eskubaloi jokalariei aitortza egitea eta Orio Eragin saria ematea. Lana, konstantzia eta kiroltasuna dira besteak beste Azkuek islatzen dituen balioak eta horregatik omendu nahi izan dugu", azaldu du Maria Azkue Orio Eragin klubeko zuzendaritzako kideak.

Omenaldian bertsoa kantatu zion Maria Azkuek Jon Azkue anaiari, eta bertan "herrian uzten ari den ubera" nabarmendu nahi izan zuen. "Orioko eskubaloiari ekarpen handia egin dio Jonek, eta Orio Eragin kluba osatzen dugun guztiontzat erreferente garrantzitsua da", azaldu du.

Babes neurriz betetako torneoa
Azkueri egindako omenaldiaz harago, ezohikoa izan zen II. Karela Torneoa, COVID-19aren aurkako babes neurriak hartu behar izan zituztelako antolatzaileek. "Zailtasunak zailtasun, oso gustura geratu gara torneoarekin. Aurretik lan dezente egin behar izan genuen torneoa antolatzeko, baina boluntario taldeak lan bikaina egin du eta guraso askok parte hartu zuten egunean bertan antolakuntza lanetan. Batzuk autobusen etorrera kontrolatzen aritu ziren eta besteak sarrera-irteerak ikuskatzen; horrez gain, aretozainak ere bazeuden, ikusleak arauak errespetatuz eser zitezen bermatzeko". Eragin klubeko kideek nabarmendu dute parte hartzaileek eta ikusleek egoki bete zituztela ezarritako neurri guztiak. "Gaur egun bizi dugun testuinguruan mota horretako ekitaldi bat antolatzea ardura handia da, eta horregatik eskerrak eman nahi dizkiegu bertaratu ziren herritarrei, uneoro izan zuten jarrera onagatik".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!