COVID-19 kasu berri bat atzeman dute Orion, azken orduetan

Julene Frantzesena 2020ko abu. 21a, 14:02

Guztira, 23 koronabirus kasu berri zenbatu dituzte Urola Kostan. Positibo gehiena Azpeitian atzeman dituzte, bederatzi, Zarautzen zortzi, Zumaian lau kasu eta bana Orion eta Azkoitian.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak 23 kasu positibo zenbatu ditu azken orduetan Urola Kostan, eta horietako bat Orion atzeman dute. Kasu positiboen gorakada orokorra izan da Hego Euskal Herrian eta babes neurriak zorrotz betetzeko deia egin dute erakundeek.

Urola Kostako datuei dagokionez, kasu gehiena Azpeitian atzeman dituzte, bederatzi, Zarautzen zortzi, Zumaian lau kasu eta Azkoitian bat. Hego Euskal Herrian 821 positibo detektatu dituzte, guztira. Atzo 9.121 PCR proba gauzatu zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta orotara, 724 positibo detektatu dituzte –Araban 124, Bizkaian 431, Gipuzkoan 138 eta bizilekua horietatik kanpoan dutenen artean 30–. Nafarroan, berriz, 1.925 PCR egin eta 97 positibo zenbatu dituzte.

Atzo 50 lagun ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta zortzi Nafarroan. Gaur-gaurkoz, 180 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta horietatik 21 daude ZIUn. Nafarroan, aldiz, zortzi lagun ospitaleratu dituzten atzo; horietatik bi ZIUn. Apirilaz geroztik ospitaleratu gehien atzo izan ziren.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!