"Emakumezkoen traineruaren azken bi denboraldiak inspirazio iturri izan ditut sorkuntza prozesuetan"

IƱigo Gaiton 2020ko abu. 26a, 16:15

Antxon Mendizabal eskultoreak asko gozatzen du estropadei begira. Orio AEko emakumezkoen txalupak lortutako garaipenek inspiratuta, omenezko eskultura bat egin du haientzat, lortutako arrakastaren aitortza modura.

Nolatan egin duzu eskultura Orio AEko emakumezkoentzat?

Kirola inspirazio iturria da niretzat, beste gauza askoren modura. Orio AEko emakumezkoek egin dituzten azken bi denboraldiak bikainak izan dira, eta zerbait oparitu nahi nien, nire miresmena adierazteko. Barru-barrutik atera zait. Taldearen garaipenek oriotarron oroimen kolektiboan geratu behar dute, eta eskulturak horretan lagundu nahi du etorkizunera begira.

Zer adierazi nahi du?

Estropada bat irabazi osteko ospakizuna, garaipena. Omenezko eskultura da. Abstraktu figuratiboa da. Bost arraunlari irudikatu ditut banderak astintzen eta garaipena ospatzen. Bi mirotz ere jarri dizkiet gainaldean, elkartearen kutsua emateko.

Zenbat denbora behar izan duzu obra egiteko?

Hiru hilabete edo bai, gutxi gora behera. Dena eskuz egina da, artisau eran.

Zer egur mota erabili duzu?

Sapelia, egur tropikala. 93 zentimetroko altuera du piezak, 50ekoa zabaleran eta 50 sakoneran. Hamar-hamabost kilo artean ibiliko da.

Aurretik sortutako artelanen batean oinarritu al zara hau egiteko? Edo originala da guztiz?

Berria da, hutsetik sortua. Hala ere, urtero Mirotza Sariaren oroigarriak egiten ditudanez, haien itxurak izango zuen eraginen bat artelan berrian.

Zer darabilzu eskuartean orain? Pandemiak nola eragin dio zure eguneroko lanari?

Eskuak eta burua beti izaten ditu martxan... kar kar kar. Ez dira garai errazak inorentzat, eta guretzat ere ez. Normalean egur lanketaren inguruko ikastaroak ematen ditut, eta horiek geratu egin dira. Erakusketen martxa ere makaldu da, eta, logikoa den bezala, artelanen salmentak ere jaitsi dira. Ikusiko dugu zer gertatzen den datozen hilabeteetan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!