"Antzeztuz ateratzen dut bizimodua, eta hori da niretzat arrakastarik handiena"

IƱigo Gaiton 2020ko abu. 27a, 16:13

Gazte hasi zen aktore lanetan Joseba Usabiaga, eta, dagoeneko, 20 urtetik gora pasa dira ofizioari ekin zionetik. Gure Zirkua harrera bikaina izaten ari dela eta, gustura dabil Orion tolosarra; lan egiteaz gain, ia egunero ateratzen du tartetxoren bat Itsaspe edo Kukuarri aldera igo eta itsasoari begira egoteko.

Ondo al zabiltza Orion?

Bai, primeran. Herria ederra da, eta oso ondo kokatuta dago, ondo komunikatuta Gipuzkoako gainontzeko txokoekin. Oso gustura gaude, jendea primeran ari delako erantzuten.

Herrian ba al duzu toki kutunik?

Itsaspe edo Kukuarri aldera egunero joaten naiz, oinez edo korrika. Han eseri eta itsasaldera begira egoten naiz.

Zirkuari dagokionez, zenbat jende pasako da Orion karpatik?

Iraila erdialderaino orain arteko martxari eusten badiogu, 14.000 ikusle inguru denera. Programatutako emanaldi guztiak bete ditugu, eta bakoitzean 300 edo 310 ikusle izaten dira.

Udan koronabirusaren agerraldiak izan direla eta, izan al duzue zirkuko funtzioak bertan behera uzteko beldurrik?

Bai, bai, ziurgabetasun puntua beti izan dugu. Egunez egun albiste berriak izaten dira, eta arretaz jarraitzen ditugu, zer gerta ere. Zorionez, karpa barruan ez da positiborik izan, ez da inor kutsatu. Saiatzen gara osasun eta higiene neurriak ahalik eta zorrotzen betetzen. Nire kasuan, 13 PCR proba egin ditut udan.

Zenbat lagunek osatzen duzue Gure Zirkuaren lantaldea?

17 edo izango gara.

Nolakoa da elkarbizitza karpa ondoko furgoneta eta karabanetan? Esajeratuz, hippy xamarra?

Beno, euskaldunak izanik, zaila da "hippykerietan" ibiltzea, kar kar kar... Elkarbizitza ona dugu lankideon artean, zorionez. Orion, gainera, lanaz gain guretzat denbora ere izaten dugu gozatzeko; atzo, adibidez, piraguak alokatu eta ibaian gora eta behera ibili ginen.

Nola uztartzen duzu Gure Zirkua zinema edo antzerkiko proiektuekin?

Ahal den bezala! Tentsioa izaten dut boladetan, denera iristea ez delako erraza, baina lehentasun kontua da. Nire kasuan, adibidez, zirkuak garrantzia handia du momentu honetan, eta eskaintzen didaten beste proiektua ez bada oso ona, ez dut arazorik ezezkoa emateko. Aukeratzen ere ikasi behar da.

Zer bereizgarri du zirkuak, antzerkiaren edo zinemaren aldean? Zer ematen dizu

Asko gozatzen dut. Beharbada, zirkua hobeto egokitzen da nire izaerara zinemaren aldean.  Azken hiru urteetan 300 emanaldi edo egingo genituen, eta sekula ez dut nagikeriarik izan funtzioa egitera ateratzeako. Zinema, adibidez, alde horretatik gogorragoa da, errodajeak makalagoak izaten dira, astunagoak.

Gure zirkuaren zuzenekoetan asko jasotzen dugu bueltan. Publikotik energia bikaina iristen zaigu, aurten maskarek jendearen irribarreak ezkutatzen badituzte ere.

Pandemiaren ondorioz, ataka larrian geratu da lan munduko sektore asko. Kultura da horietako bat.

Hala da, bai. Dena den, iruditzen zait aktoreok besteak baino hobetoxeago gaudela, eta mugimendu pixka bat bada gure sektorean. Musikariak eta haien lantaldeak, adibidez, zailtasun gehiago dituztela esango nuke, oso gogorra da bizitzen ari diren egoera. Etorkizunean gehiegi ez pentsatzen saiatzen naiz, horretara jarritakoan garai gogorrak etor daitezkeela iruditzen zaidalako.

Bukatzeko, topo egin al duzu herrian Tximistarekin? Zer geratzen zaio egungo Josebari Goenkaleko gazte hartaz?

Oriora nahikoa buelta egin genituen garai batean, bai, grabaketak egitera kar kar kar.... Hamaika urtez izan nintzen Tximista, eta, ziurrenik, Goenkaleren parte izan nintzelako egin dut aktore modura ibilbide profesionala. Ateak zabaldu zizkidan telesailak, asko ikasi nuen. Oraindik jendea gogoratzen da Tximistaz, bai, eta ilusioa egiten dit gazte hura gogora ekartzeak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!