Hegaluzearen kuota %10 handitzea babestuko du Eusko Jaurlaritzak

IƱigo Gaiton 2020ko abu. 30a, 11:20
Leandro Azkue, artxiboko irudian.

Aurtengo kanpaina "positiboa" izan dela adierazi du Leandro Azkuek aste honetan, Berria egunkariak egin dion elkarrizketan. Eusko Jaurlaritzan duen karguari dagokionez, oraindik ez daki legegintzaldi berrian jarraituko duen ala ez.

Hegaluzearen kanpaina bukatu berritan, aurtengoak eman duenarekin konforme agertu da Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako arrantza eta akuikultura zuzendaria. Koronabirusak udaberria eta uda hasiera baldintzatu arren, udan baxurako ontzietan ez da kutsatzerik egon, eta protokoloek ondo funtzionatu dutela ikusita, lasaitu egin dira. Horrela, baporeek lana ondo egin ahal izan dute azken asteetan, eta 16.000 tona hegaluze harrapatu dituzte. Kopurua ontzat jo du Azkuek, "6.000, 7.000 edo 10.000 tonako urteak ere egon izan direlako". Salmentan ere prezioari eutsi zaiola nabarmendu du, kiloa bataz beste 3,6 eurotan saldu delako.

Bestalde, AZTIk egindako ikerketen emaitzetan oinarrituz, itxaropentsu agertu da, zenbakiek hegaluzearen kuota igotzeko aukera ematen dutelako. Azaroan ezarri behar dute kuota berria hiru urterako, eta %10-12 handitzea eskatuko dute. Horrez gain, hegaluzearen eta antxoaren kuota banatzearen aldekoa da Eusko Jaurlaritza, "sektoreak hala eskatzen duelako", Azkueren hitzetan. Horrela, euskal arrantzaleek kosteren iraupena eta kuota kudeatzeko aukera izango lukete.

Antxoari dagokionez, aurten harena izan da "kanpainarik ahulena". 25.000 tonako kuota izanagatik, 5.000 harrapatu dituzte, eta Azkue kezkatuta agertu da, euskal ontziek Asturias eta Kantabria aldean harrapatu dutelako antxoa, eta hango portuetan lehorreratu. "28ko antxoaren bila ari gara, baina ez dugu aurkitzen", azaldu du elkarrizketan kezkati.

Arrain kontsumoak beheranzko joera duela eta, gazteei zuzendutako promozio kanpainak egitearen alde agertu da. "Erronka da arraina haientzat erakargarriagoa egitea. Alde handia dago helduek eta gazteek egiten duten bataz besteko kontsumoan".

Elkarrizketa osoa hemen klik eginda irakur daiteke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!