II. Orioko esku pilota txapelketa azkarra jokatuko da ostiralean

Iñigo Gaiton eta Aiora Larrañaga 2020ko abu. 31a, 13:17

Orioko eta Aiako 6 eta 11 urte bitarteko neska-mutilei zuzendutakoa da lehiaketa, eta bikoteka jokatuko da.

Ostiral honetan, irailak 4, II. Orioko esku pilota txapelketa azkarra egingo da herriko frontoian. Orioko Pilota Elkarteak antolatu du lehiaketa, eta 6 eta 11 urte arteko neska-mutilei zuzendua dago. Jardunaldiarekin pilotan jokatuz egun atsegina pasatzeko aukera eman nahi diete haurrei. "Hasiera batean, ez genekien txapelketa antolatzerik izango genuen, baina animatu egin gara, ikasturtea hastear dela eta udan zehar kirol jarduera gutxi batzuk egin direla kontuan hartuta", azaldu du Ibon Aranalde antolatzaileak.

Dena dela, txapelketa egin ahal izateko COVID-19aren aurkako neurri zorrotzak hartu behar izan dituztela ere zehaztu du. "Besteetan ez bezala, txapelketan zehar hartuko ditugun neurrien berri emanez txostena aurkeztu dugu udalean. Hala, frontoira sartzen direnean haurrek eskuak garbitu beharko dituzte gel hidro-alkoholikoarekin, eta txapelketa eremuan dauden bitartean talde txikitan banatuta egongo dira arduradun batekin". Hala ere, partidak jokatzen dituzten bitartean maskara jantzita eramatea ez da beharrezkoa izango, baina partida jokatu aurretik eskuak garbituko dituzte. "Gainera, gu uneoro materiala desinfektatzen arituko gara, arriskua saihesteko", azpimarratu du pilota elkarteko kideak.

Ordutegi zehatzak
Gaztetxoek bikoteka jokatuko dituzte partidak, hiru taldetan banatuta: mutilak, neskak eta mistoa. Partiden orduei dagokionez, kategorien arabera ordu desberdinetan jokatuko dira, jende pilaketak saihesteko helburuarekin. Antolakuntzak adierazi duenez, lehen partidak 11:00ak aldera hastea da asmoa. Goizean kanporaketak egingo dira, eta arratsaldean, azken fasea eta finalak. "Aurtengoan gure helburua ez da izan frontoian jendetza biltzea. Horregatik erabaki dugu txapelketa ostiralean antolatzea, iraila izanda guraso asko dagoeneko lanera bueltatu direla pentsatuta. Gainera, parte hartzaileei beren partidak jokatzera etortzeko eskatuko diegu, jende pilaketak saihesteko", adierazi du Ibon Aranaldek.

Bestalde, harmailetan biltzen diren ikusleei segurtasun tartea mantendu eta maskara jantzita eraman beharko dute uneoro, eta harmailetan segurtasun neurriak betetzen direla bermatzeko arduradun bat jarriko dute.

Txapelketan izena eman nahi dutenek, irailaren 3ra arte izango dute zabalik epea. Inskripzioa bi modutara egin daiteke: hemen klik egin eta galdetegia beteta, edo 618952844 telefonora whatsapp mezua bidalita.

Pilota Eskola
Orioko Pilota Elkarteak Pilota Eskola antolatu ohi du ikasturtean zehar, herriko haurrek pilotan jokatzen ikasteko aukera izan dezaten. Ekainean ireki zuten eskolan izena emateko aukera, eta harrera ona izan dutela aitortu dute antolatzaileek. "Aurreko urtean aritu ziren gehienek errepikatu egingo dute. Dena dela, ziurgabetasun handia izan da azken hilabeteetan, eta izan dira izen-ematea irailean egin dutenak ere, ikasturte berrian egoera zein izango zen ez zekitelako".