Herriko plazako lanak abendu hasierarako bukatu nahi ditu udalak

IƱigo Gaiton 2020ko ira. 3a, 10:14

Irail erdialdera jasoko dituzte lurrerako harlauza berriak, aurrekoekin arazoak izan eta gero. Saneamendu lanei dagokion fasea, denetan luzeena, amaituta dute dagoeneko.

Orioko Udalak iazko irailean hasi zituen Herriko Plazako eta Aritzaga kaleko obrak. Hasiera batean, lanak aurtengo San Pedro jaietarako amaitzea aurreikusten zen. Koronabirusaren krisiak, ordea, atzerapenak eragin ditu, eta, bestetik, arazoak izan dira materialaren horniduran.

Osasun krisiak eragindako atzerapenak kontuan hartuta ere, Udalak aurreikusten zuen lanak bukatu zitezkeela irailaren erdialderako, baina hori ere ez da posible izango, lurzoruko harlauza berriekin izandako arazoagatik. Ainara Munduate Hirigintza batzordeburua: “Harlauza berriak jasotakoan, erositako materiala egoera txarrean zegoela ikusi genuen, eta onartezina iruditu zitzaigun. Horrela, hori itzuli eta abuztuan aukeratu dugu berria”.

Munduateren arabera, irail erdialdera jasoko dute material berria, eta lurrean behar bezala jartzeko hiru hilabete inguru beharko dira. “Lanen bukaera epea atzeratzen joan den arren, guretzat garrantzitsuena da obrak behar bezala egitea, ondo, mimo handiarekin. Udala eta herria ahalegin handia ari dira egiten lan hauek behar bezala gauzatzeko; herriarentzat apustu estrategiko handia izan da, eta, azkar baino, ondo bukatu behar da”.

San Nikolas jaien bueltarako bukatu nahi dituzte obrak: “Gure esku dagoen guztia egingo dugu hala izan dadin, baina osasun larrialdiagatik, edo beste arrazoiak tarteko, gerta liteke berriro atzeratzea”.

Saneamendua, bukatuta

Hemendik abendura bitartean, lur gaineko lanekin jardungo dira plazan, azpialdekoak bukatu dituztelako. “Obren faserik handiena amaituta dago, lur-azpiko saneamenduarena hain zuzen ere. Martxan da sistema berritua”, azaldu du batzordeburuak. Kioskoa ere egina dagoenez, lan txikiak egitea falta da, lurraz gain.

Munduatek hitz onak izan ditu herritar, ostalari eta merkatarientzat. “Jarrera eredugarria izan dute hilabete hauetan guztietan. Barkamena ere eskatu nahi diet, oraindik ingurua ez dagoelako guztiz ondo, eta kontuz ibili behar da, inork minik hartu ez dezan”.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!