Koronabirus kasu bat detektatu dute Orion azken orduetan

Julene Frantzesena 2020ko ira. 3a, 13:04

Urola Kostako hiru herritan atzeman ditu positiboak Osakidetzak: hiru Zarautzen, bi Azkoitian eta bat Orion. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gora egin du positiboen kopuruak, baina baita egindako PCR proben kopuruak ere. 56 lagun ospitaleratu zituzten atzo hiru lurralde horietako ospitaleetan.

Urola Kostan nabarmen egin du behera PCR probetako positibo kopuruak azken orduetan; izan ere, Osakidetzak jakinarazi duenez, guztira, sei positibo zenbatu zituzten atzo eskualdeko herrietan. Kasu horietako hiru Zarautzen atzeman dituzte, bi Azkoitian eta bat Orion. Gainerako herrietan ez dute positiborik detektatu.

Dena den, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gora egin du positiboen kopuruak. Hain zuzen ere, herenegun baino 59 positibo gehiago zenbatu dituzte, 605 guztira. Hala eta guztiz, kontuan hartzekoa da Osasun Sailak herenegun baino PCR proba gehiago egin zituela hiru lurralde horietan: 8.887 herenegun, eta 9,145 atzo.

Bizkaia izan da, beste egun batez, positibo gehien zenbatu dituzten lurraldea: 360. Gipuzkoan, aldiz, 165 atzeman dituzte –herenegun baino bi gehiago–, eta 53 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste 27 lagunek ere positibo eman zuten atzo gauzatutako probetan.

Atzoko datuen arabera, 259 lagun daude ospiraleratuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan –herenegun baino bederatzi gehiago–. Horietatik 47 daude ZIUn, herenegun baino zortzi gehiago. Atzo 56 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurralde horietako ospitaleetan. RO indizea, berriz, 0,94 da, azken egunetako eta asteetako baxuena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!