Andoni Campos

"Taldeak lehiakorra dela erakutsi du itzulerako luzean"

IƱigo Gaiton 2020ko ira. 13a, 13:16

Ordezkoen ontzitik ikusi du Andoni Camposek Kontxako Ohorezko txanda. Arraunlariaren iritziz, taldeak lehengo igandean baino aho-zapore hobearekin bukatu du gaurko estropada.

Zer sentsazio utzi dizue aurtengo Kontxak?

Taldeak aurreko igandean baino aho-zapore hobearekin bukatu du gaurko estropada. Itzulerako luzean, behintzat, lehiakorra dela erakutsi du traineruak. Astean zehar egindako lana ikusi da, poparean.

Zer topatu duzue itsasoan?

Ematen zuena baino baga handiagoak zeuden. Gure txandan haizea aldatu egin da pixka bat, ipar puntua hartuta, eta aurreneko txandakoekin konparatuz, brankaz kalte egin digu horrek, gero alde izan arren.

Hondarribiak eroso irabazi du bandera.

Estropada benetan onak egin ditu bi igandeetan. Arraunean ondo ikusten dira, erraz, arraunlarien mugimendu oro traineruaren mesedetan joango balitz bezala. Psikologikoki indartsu egongo direla pentsatzen dut, konfiantza handiarekin, eta hori uretan ikusi egiten da. Hain garbi irabazten duenari, zorionak ematea besterik ez da geratzen.

Zer da Donostiako moila eta inguruak hutsik ikustea?

Tristura handia eragiten du. Denentzat da gogorra: ordezko arraunlarientzat, pasealeku berrian ez delako zaleen gertutasuna sentitzen; irabazleentzat, ezin delako garaipena behar bezala ospatu; estropadan ari direnentzat, kolorerik ez delako ikusten lehorrean; arraunzaleentzat, ezin dutelako denboraldiko egun eta festa giro berezienaz gozatu... Kontxa, jenderik gabe, ez da Kontxa. Kirol esparruan bai, noski, baina giroari eta esperientzia orokorrari dagokionez, ez.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!