Etxeberria anaiek 'Valerium Tremens' liburu bilduma berria hasi dute

IƱigo Gaiton 2020ko ira. 23a, 11:00
Argazkia: Elkar argitaletxea

Euskal mitologiako elementuak, abentura eta fantasia izango dira gertakizunen ardatz nagusiak. Haur eta gaztetxoengan pentsatuta sortu dituzte sagako lehen bi liburuak.

Bikiak atera zaizkie Martin eta Xabier Etxeberriari Valerium Tremens protagonista duten lehen bi liburuak. Hala adierazi zuten atzo goizean egindako aurkezpenean. Hala, bi argitalpenekin zabaldu dizkiote ateak saga bihurtzeko asmoa duten liburu sortari. «Hirugarrena buruan bueltaka dugu dagoeneko», adierazi zuen Xabier Etxeberriak.

Valerium Tremens da istorioen protagonista nagusia, hamahiru urteko neskato amerikarra. Gurasoekin batera Euskal Herrira etorri da bizitzera, eta, hemen, testuinguru kultural eta sozial berria topatuko du. Martin eta Sararekin batera, lagun taldea osatuko du gaztetxoak, eta adiskidetasunari, maitasunari eta beste hainbat gairi lotutako abenturak biziko dituzte elkarrekin, sarri fantasiak bilduta bizi ere.

Gurasoek «haur» eta umeek «gaztetxo» deitzen dioten adinean sartuta bizi da protagonista. Jatorrizko izen-deiturak ikaskideentzat nahikoa bereziak dituenez, haiek jarritako diote ezizena: Valerium Tremens. Egilearen hitzetan, umore puntua eman nahi izan diote goitizenari, hitz jokoa eginez. «Ezizena ez da, inondik ere, mespretxuzkoa. Atzean ez du gaztetxoen artean izan ohi diren adar-jotzerik edo inolako asmo okerrik».

Liburu irakurterrazak
8 eta 10 urte bitarteko haur eta gaztetxoen pertsonaia kutunak hartu dituzte erreferentzia modura Etxeberria anaiek —Harry Poter, kasu—, liburuok gorpuzterako garaian. «Sorkuntza prozesuan zehar, gure seme-alabek irakurtzen dituzten liburuak kontutan izan ditugu. Saga honek izango dituen irakurleen tokian jartzeko ahalegin handia egin dugu. Gure barruko umeari kasu egiten ere saiatu gara», ekarri du gogora Etxeberriak.

Erreferentzia horietan oinarrituz, nerabezaroa ate joka izaten den adin tartean kokatu dituzte pertsonaia nagusiak. Horiek aurreneko maitasun enkontruak izango dituzte, eta autoezagutza etengabean biziko dira. Hala ere, oraindik bor-bor izango dute une oro umetan garatutako fantasiarako joera.

Irakurzaletasuna sustatzeko helburuarekin idatzitako lanak izanik, kapitulu laburretan antolatu dituzte istorioak, erritmo biziarekin. «Liburuak irakurterrazak izan daitezen saiatu gara, eta, ziurrenik, bide horretan lagungarri izango dira Iñaki Holgadoren ilustrazioak».

Holgado marrazkilariaren esanetan, «jolasteko eta ondo pasatzeko helburuarekin» sartu zen proiektuan, eta gozatu egin du. Normalean era digitalean lan egitera ohitutako ilustratzailea izan arren, oraingoan akuarelekin aritu da lanean. «Gustu handiarekin egindako lana izan da, eta espero dut emaitzak hori islatzea». 

Euskal mitologia berrituz
Euskal mitologiako elementuak modernizatzeko saiakera egin dute Etxeberriatarrek. Aurreneko liburuan, Valerium Tremens eta lagunak traganarruei ihesean ibiliko dira. Hondartzan hilotz bat azaldu denetik, herriko marinel zaharrek itsasoko izaki ahaztuei buruzko kondairak baino ez dituzte izango ahoan. Gaztetxoak jolasean Azken Portuan barneratzen direnean, ustekabeko sekretuak topatuko dituzte.

Martin Etxeberria idazlearen esanetan, hari batek elkar josten ditu lehen bi liburuak. «Aurrenekoan protagonista nagusiaren aurkezpena egiten da, eta horrek segida du bigarrenean; ordea, abenturek edo gertakizunek ez dute zerikusirik traganarruekin, Ehiztari Beltzarekin baizik». Iparraldean izen horrekin ezagutzen da Hego Euskal Herriko Mateo-Txistu figura mitologikoa.

Euskal Herriko mitologian oinarrituz, ipuin eta kontakizun unibertsalak sortzen saiatu dira Etxeberriatarrak. Haien inguruko zehaztapen gehiago emango dituzte larunbatean Zarautzen, Literatura jaialdiaren barruan emango duten solasaldian. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!