Tasa eta zerga gehienak izoztea erabaki du Orioko udalbatzak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko urr. 1a, 10:31

Orioko Kanpineko tasak %1,1 igoko dituzte 2021ean. Bestalde, Mendibeltz zelaiko bateatzeko tunela erabiltzeagatik orduko sei euro ordaindu beharko dituzte OBBko kide ez diren herritarrek

Orioko udalbatzak iraileko ohiko batzarra egin zuen pasa den astean, eta, besteak beste, 2021eko zergak eta tasak onartu zituen, ahoz batez. Udalbatzarrean zehaztu zutenez, zerga eta tasa gehienak bere horretan mantenduko dituzte, hau da, ez zaie igoerarik aplikatuko, baina izango dira hainbat salbuespen.

Ez dute igoerarik izango eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergek, ezta hiri lurren, ondasun higiezinen, trakzio mekanikodun ibilgailuen eta udalerriko jarduera ekonomikoaren gaineko zergek ere.

Tasen atalean, berriz, udal erabilera publikoko lurrak okupatzeagatik edo horietan instalazioak egiteagatik ordaindu behar diren tasa desberdinak izoztu egingo dituzte, baina egokitzapen bat egin dute kalean eraikuntzako materiala, obra hondakinak edo aldamioak jartzegatik ordaindu behar den tasan. Orain arte gutxieneko tarifa 61 eurokoa zen, eta 2021erako 27 eurotara murriztuko dute.

Bestalde, TAO tarifak bere horretan mantentzea erabaki dute. Hala, orain arte bezala, 60 euroren truke txartela eskuratu ahal izango dute Aian erroldatutakoek, Orion lan egiten dutenek, enpresako kotxea erabiltzen dutenek eta herrian bigarren etxebizitza dutenek.

Udalak eskaintzen dituen zerbitzu gehienen tasak eta tarifak ere izoztea erabaki dute: besteak beste, udal pilotalekua eta Antilla hondartzako kabinak erabiltzeko tarifak, Danbolin Musika Eskolakoak, Karela Kiroldegikoak, Azurza etxeko pisu tutelatuetakoak, Txu-txu trenarenak, teknifikazio zentrokoak edota tenis, padel eta squash pista erabiltzeagatik ordaindu beharreko tarifak.

Mendibeltz futbol eta sofbol zelaia erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasa ere bere horretan mantenduko da, baina bateatzeko tunela erabiltzeagatik orduko sei euro ordaindu beharko dituzte, aurrerantzean, OBB sofbol taldeko kide ez direnek. Horrez gain, Orioko Udal Kanpineko tasak %1,1 igotzea erabaki du udalbatzak, zuzendaritzak aurkeztutako txostena aintzat hartuta.

Kultura bultzatuz
Eskari eta galderen atalean, Xabier Ibarguren kultura batzordeburuak hartu zuen hitza, eta azpimarratu nahi izan zuen Orioko Udalak «ahalegin berezia» egin duela udan kultur ekitaldiak antolatzeko. «Kultur sektorea une zailak pasatzen ari da COVID-19ak sortutako egoera berrian, eta garrantzitsua da kultura bultzatzea. Hala, arte diziplina desberdinen plaza bihurtu da Orio, eta herriarentzat pozgarria da hori. Kulturak bisitariak erakarri ditu herrira; hamalau mila lagunetik gora etorri dira udan osoan. Antolatu edo sustatu ditugun ekitaldi guztiak euskaratik eta euskaraz sortuak izan dira, eta aurreratzean ere horretan jarraitu nahi dugu, kultura sustatzen, kultura egiten eta kulturatik eragiten», azaldu zuen kultura batzordeburuak.