Euskaraldia 2020

"Argi daukagu: guk zerbitzu euskalduna eman nahi dugu"

Karkara 2020ko urr. 4a, 15:37

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da aurten, bigarrenez, Euskaraldia, eta hainbat berrikuntza izango ditu. Izan ere, aurten, norbanako bezala (ahobizi edo belarriprest izanez) parte hartzeko aukeraz gain, taldean egiteko aukera ere egongo da arigune-en bidez.

Orion, esaterako, hainbat merkatari, ostalari eta eragilek osatu dute Euskaraldia babesten eta sostengatzen duen hamalaukoa. Katxiña Upategia da Euskaraldian parte hartuko duen establezimenduetako bat. Iñaki Zendoia arduradunaren testigantza da hau:

"Guretzat Euskaraldiari eta euskarari bultzada ematea oso-oso garrantzitsua da, gure identitatea delako eta gure esku dagoelako gure identitate hori bultzatzea. Zuk indarrak non jarri, horixe aterako da, eta guk betidanik nahi izan dugu zerbitzu euskalduna eman. Ez da erraza ostalaritzan, baina saiatu gara ahal den gehiena bertako jendearekin osatzen taldea, gure arteko hizkuntza euskara izan dadin, jatortasun batean eta etxe giroan lan egiteko, eta lortu dugu. Zerbitzari extraren bat kenduta, denak euskaldunak dira. Hamabost lankide baldin baditugu, bik soilik ez dakite euskaraz, eta guretzat garrantzitsua da euskal giro hori mantentzea. Komunikazioan ere, beti guztia bi hizkuntzetan jartzen dugu. Ematen dugun zerbitzuari dagokionez, iruditzen zait garrantzitsua dela gure lehen hitza euskaraz izatea, ez soilik bertako bezeroak goxatzeko, baizik baita turistek ikus dezaten bere hizkuntza propioa duen herrialde batera datozela. Argi daukagu: guk zerbitzu euskalduna eman nahi dugu".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!