Bi positibo atzeman dituzte Orion azken orduetan

Julene Frantzesena 2020ko urr. 7a, 15:44

Urola Kostan, orotara, 21 positibo atzeman zituen atzo Osakidetzak:  Azpeitian hamar, Azkoitian sei, Zestoan eta Orion bi, eta Zarautzen nahiz Zumaian bana.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herenegun baino PCR proba gehiago egin zituen Osakidetzak atzo: 10.022 –7.424 proba herenegun–. Eta atzo gauzatutako proba horietan positibo eman duten herritarren kopurua ere herenegungoa baino altuagoa da; izan ere, herenegun 336 positibo atzeman zituzten, eta 428 atzo. Hala, Orion bi kasu berri atzeman zituzten atzo, eta bat bera ere ez Aian. Urola Kostan, orotara, 21 positibo atzeman zituen atzo Osakidetzak: Azpeitian hamar, Azkoitian sei, Zestoan eta Orion bi, eta Zarautzen nahiz Zumaian bana.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datuak kontuan hartuta, PCR proba gauzatu zuten herritarren %4,2k eman dute positibo azken orduetan –herenegun %4,5 zen kopurua–. Lurraldeka, berriz, Araban 58 positibo, Bizkaian 184 eta Gipuzkoan 180 positibo detektatu zituzten atzo. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren sei lagunek ere eman zuten positibo.

Atzokoan 31 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta guztira, 238 lagun –herenegun baino bi gutxiago– daude ospitaleratuta gaur-gaurkoz. Horietatik 51 daude ZIUn, herenegun baino bost gutxiago. Beraz, behera egin dute bai ospitaleratuen kopuruak, bai ZIUn daudenen kopuruak. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo RO indizea 0,97 da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!