Positibo berri bat Orion

Andoni Elduaien 2020ko urr. 8a, 15:02

Urola Kostan, guztira, 41 kasu atzeman zituzten atzo: 23 Azkoitian, hamabi Azpeitian, bi Zumaian eta bana Errezilen, Getarian nahiz Zestoan. Gainerako herrietan ez dute kasu berririk baieztatu.

Osasun Sailak jakinarazi duenaren arabera, koronabirus kasu berri bat atzeman dute Orion. Guztira 41 kasu zenbatu dituzte Urola Kostan, baina kasuen erdiak Azkoitian hautemandakoak dira. 23 kasu positibo atzeman dituzte Azkoitian, hamabi Azpeitian, bi Zumaian eta bana Errezilen, Getarian nahiz Zestoan. Gainerako herrietan ez dute kasu berririk baieztatu.

Hego Euskal Herrian 854 kasu positibo atzeman zituzten atzo. 10.314 PCR proba egin zituen Osasun Sailak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 454 kasu positibo baieztatu zituen, hau da %4,4. Bizkaian eta Gipuzkoan antzeko datuak jaso dituzte, izan ere Bizkaian 195 kasu zenbatu dituzte eta 192 Gipuzkoan. Araban, aldiz, 58 pertsonari detektatu diote positiboa. Horiez gain, lurralde horietatik kanpo bizi diren beste bederatzi laguni atzeman diote positiboa.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeen egoeraren berri ere eman du Osasun Sailak. 238 pertsona daude hiru lurralde horietan ospitaleratuta; atzo, 29 pertsona gehiago ospitaleratu zituzten. Egun, 48 lagun daude Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea 1,01ekoa da. 

Nafarroan, bestalde, 400 kasu positibo hauteman ditu Nafarroako Osasun Institutuak. 3.236 PCR proba egin zituzten atzo Nafarroan, eta ondorioz, proba egin zutenen %12,4ak eman du positibo. Ospitaleei dagokionez, 251 pertsona daude Nafarroako erietxeetan ospitaleratuta, horietatik 26 ZIUn. Lau heriotza gehiagoren berri ere eman du Nafarroako Gobernuak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!