"Udan zaila eta gogorra izan da jendeari oinarrizko eskubideen murrizketak betearaztea"

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urr. 12a, 12:51

Orioko udaltzainburua da Mikal Etxeberria. Pasa berri den uda denentzat izan da zaila, baina udaltzainek inoiz baino zeregin konplikatuagoa eduki dute. Etxeberriarentzat, ez da erraza izan arau murriztaile, aldakor eta nahasgarriak betearaztea.

Nola zeunden uda hasi aurretik? Etorriko zenaren beldur?
Urduri, kezkatuta eta nekatuta. Urduri, hau guztia eta bere kudeaketa berria delako denontzat. Kezkatuta, udaltzainburu izateak ardura handia suposatzen duelako eta kargua hartu berritan nengoelako. Eta nekatuta, itxialdia gogorra izan delako, bai pertsonalki, bai profesionalki.

Beldur nintzen, jakina. Alde batetik, inork ez zekien izurriteak zer nolako bilakaera izango zuen, eta batzuek udan birusa ahuldu egingo zela esaten bazuten ere, ezin ziurtatu. Bestetik, itxialdia eta gero, jendeak gogo izugarria zuen kalean ibiltzeko, senideekin eta lagunekin elkartzeko, festa egiteko, hondartzara joateko… Eta guri, udaltzainoi, dagokigu agintariek hartutako erabakiak betearaztea.

Orion hondartza da udako erreferentzia nagusia, bai bertakoentzat, bai kanpotar askorentzat, eta hondartzaren kudeaketak buruhauste asko eragin dizkigu. Hasierako zalantzak eta gero, hondartza dinamikoaren eta aplikazioaren eta semaforoen erabileraren alde egin zuten. Udako denboraldia bukatuta, balorazioa egin beharko da zerbitzua hobetzeko.

Zure ofizioan, zer izan du desberdina aurtengo udak?
Beste urte batzuetan ez bezala, etengabe kontrolatu behar izan ditugula hondartzako jende kopurua eta terrazetakoa. Jende askok deitu digu egunero ingurukoen arau-hausteak salatzeko, eta horien jarraipena egin behar izan dugu.

Zailagoa izan al da?
Bai. Konplikatua eta gogorra izan da agintariek erabakitako oinarrizko eskubideen murrizketak betearaztea. Azkenean, agintariek erabakitzen dute, baina geuk, udaltzainok, eman behar dugu aurpegia. Gainera, arauak eta neurriak etengabe aldatu dituzte; erabakiak askotan ez dira batere garbiak izan, eta interpretazio ezberdinak izateko aukera eman dute, herritarrak eta gu geu nahastuz; eta sarritan azken orduan egin dituzte aldaketak, haietara egokitzeko denborarik gabe. Nahasmen handia izan da.

Zer izan da gogorrena?
Batez ere herritarrekin tira-biran aritu behar izatea. Horrez gain, hondartzako semaforoaren kudeaketa. Hondartza beteta zegoelako itxi dugunetan, sartu ezinik geratu den jendearen aldetik sekulakoak entzun behar izan ditugu. Sentitu dugu pertsona batzuek guri kontra eginda kanporatu dituztela izurriteak eragindako nekeak, ezinak eta frustrazioak.

Errefortzurik izan al duzue?
Udan ez. Martxotik ekainera bitartean, bai. Udalak bi udaltzain kontratatu zituen konfinamenduan laguntzeko. Baina hondartzako denboraldia hasi denean urteroko langile kopuru bera izan dugu urteroko lanak eta COVID-19ak eragindako lan gehigarriak egiteko, eta iritsi ezinik ibili gara.

Oriotarrek segurtasun neurrien kontzientzia barneratuta dutela uste al duzu?
Ez dut garbi. Gehienek bai, baina beste askok ez. Batzuetan bai, besteetan ez. Herrian, kalean, jarrera oso egokia ikusi dugu orohar. Aisialdian, ordea, erraz samar ahaztu dira segurtasun neurriak, hondartzan eta terrazetan bereziki.

Zer ikasi duzu?
Izurrite honetan garbi geratu zait sekulako lantaldea dudala. Egoera gogorrenetan ere aurrera egin du, profesionaltasunez eta gizatasunez jokatuz. Bizitza pertsonalean nahi dudanean nahi dudana egiteko ahalmenaren garrantziaz konturatu naiz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!