Liga hasiera gazi-gozoa izan da Orioko preferente mailako taldeentzat

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko urr. 20a, 15:45
Meldibeltz kirol guneko zelai berria jartzen ari dira langileak.

Neskek garaipena lortu zuten Mutrikun, baina mutilek partida galdu zuten Urnietaren aurka.

Asteburuan abiatu zuten denboraldia Orioko futbol talde nagusiek, eta datorren asteburuan gaztetxoen txanda izango da. Futbol elkarteko arduradunek azaldu dutenez, zelaia hilabete bukaerarako prest izatea espero dute, eta bien bitartean, datorren asteburuan Zarauzko belar artifizialezko zelaian jokatuko dituzte partidak etxean jardunaldia jokatzea egokitu zaien taldeek.

Aguado: "Ez genuen partida ona jokatu"
Asteburuan ligako lehen jardunaldia galdu zuen Orioko gizonezkoen taldeak Urnietaren aurka. Gari Aguado entrenatzaileak azaldu duenez, partidan ez zitzaizkien gauzak nahi bezala atera: "Lehen zatian bi jokalarik min hartu zuten zaintiratua izanda, eta Ramon Erkiziaren lanari esker markagailuan aurretik jarri baginen ere, ez genion erritmoa hartu partidari eta hutsegite txikien erruz norgehiagoka galdu genuen".

Dena dela, zarauztarra gustura dago taldearekin. "Bajak izan ditugu aurreko urtetik, baina taldea indartu duten jokalariak ere etorri zaizkigu: hirugarren mailan jokatu duen Luis Perez gurekin dago aurten; Amaikak-Bat taldetik bueltatu da Lander Arriola, eta Zarauztik etorri dira Aitor Letamendia eta Aritz Aranguren. Horrez gain, Ramon Erkiziak aurreko denboraldian ezin izan zuen jokatu, min hartuta egon zelako, baina aurten gogotsu ari da".

Hala, entrenatzaileak uste du zelaian alderdi taktikoa lantzea falta zaiola taldeari. "Faktore askok eragin dute. Alde batetik, denbora asko pasa dute jokalariek futbolean jokatu gabe, eta, bestetik, hasiera arraroa izan da, futbol zelaia prest ez zegoenez, ahal genuen bezala moldatu garelako entrenatzeko. Den dela, denboraldia hasi genuenean bagenekien egoera berezia izango zela, eta laster berriz ere normaltasunera bueltatzea espero dugu".

Oztopoak oztopo, denboraldi berrian maila txukuna emango dutela uste du entrenatzaileak.

Irastorza: "Oso ondo sentitu ginen partidan"
Emakumezkoen preferente mailako taldeak, aldiz, garaipenarekin hasi du liga. Itziar Irastorza jokalariak azaldu duenez, "oso ondo sentitu" ziren larunbateko partidan. "Entrenatzaileak sistemarekin asmatu zuen, eta bigarren zatia luzeagoa egin bazitzaigun ere, aurkariak baino hobeagoak izan ginen". Hala ere, denboraldi hasiera gorabeheratsua izan dela aitortu du. "Orioko hondartzan entrenatu dugu askotan, horrek dakartzan mugekin, baina aurrera egiteko gogoz gaude".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!