Zergatik agertu da antxoa txikia urizkinean?

IƱigo Gaiton 2020ko urr. 21a, 13:19

Aztiko Andres Uriarte zientzialariaren esanetan, sei edo zortzi urtetik behin errepikatzen den fenomenoa da azken egunotan hondartzan ikusi dena.

Duela bizpahiru aste, harritzeko moduan hurreratu zen antxoa txikia Antilla hondartzara. Eskoileratik nabarmen ikusten ziren antxoa txikien sardak, uretan batera eta bestera, atzetik makaelak zituztela. Bada, lehengo asteburuan, igandean zehazki, antxoa txikia urizkinan agertu zen, herritarren harridurarako: uretan asko, eta hondarretan ere bai.

Arrantza jasangarrian aditua den Andres Uriarteren iritziz, sei edo zortzi urtetik behin errepikatzen den gertakaria da antxoa txikiarena, eta bi faktore edo gehiagoren elkarketak eraginda gertatu daiteke: "Batetik, itsaso zabalean itsasaldi eta haize indartsua izaten denean, indar horrek antxoa txikia kostaldera bultzaltu dezake; batez ere, denboraleak antxoa txikia goran, sakonera gutxian harrapatuz gero", azaldu du Aztiko zientzialariak. Momentu horretan antxoak duen distribuzioa ere izan daiteke beste faktore bat, urteroko trantsizio zikloko zer momentutan aurkitzen den.

Gero, behin kostaldera hurreratutakoan, makaelak antxoa harrapatzen saiatzen dira jateko, eta horiek, izuturik, lehorrera jotzen dute, alde egin nahian: "Azken egunotan hori gertatuko zen ziurrenik. Antxoa txikiak makaela atzetik duela ikusitakoan, izutu eta urizkinara jotzen du. Horregatik azaldu da horrenbeste antxoa hondarretan oraingoan".

 

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!