"Zuzeneko emanaldietako teknikarion egoera latza da benetan"

IƱigo Gaiton 2020ko urr. 22a, 14:46

Angel Aguero Orioko bizilagunaren iritziz, kontzertu eta ikuskizunetako teknikariek beti egin dute lan egoera prekarioan, baina osasun krisiak gauzak asko zaildu dizkie.

Nola eragin dio osasun krisiak soinu teknikarien sektoreari?
Kolpe handia eman dio. Nik, zo- rionez, enpresa batean egiten dut lan, eta babes hori daukat. Itxialdiarekin batera, enplegua aldi baterako erregulatzeko es- pedientea onartu ziguten, eta hala jarraitzen dugu gaur egun. Azken hilabeteotan, ekitaldiak ditugun egun solteetean, egoera horretatik ateratzen gara, eta gero berriro itzuli.

Nire kasua, hala ere, ez da txarrena; gehiago edo gutxiago, udan lan pixka bat egin dut, eta irailean ia hilabete osoan aritu nintzen Kursaalean, Zinemaldiko emanaldietan eta galetan lanean. Bi aste egin genituen aurreprestaketak egiten, eta, gero, hamar egun jaialdian. Dena den, gure sektorea langile autonomoek osatzen dutela azpimarratu behar da, hein handi batean. Horietako asko, egoera benetan latza ari dira bizitzen izurritea hasi zen momentutik.

Zuzeneko emanaldirik ia egiten ez denez, diru sarrerak asko gutxituko zitzaizkizuen. Lagungarri izan al dira zuentzat Eusko Jaurlaritzak kultur sektorearentzat ateratako laguntzak?
Zenbaitentzat agian bai, baina askorentzat ez. Zergatik? Laguntzak jaso ahal izateko, momenuan autonomo modura alta emanda egon behar zelako. Gure sektorean, jende asko hilabete batzuetan bakarrik egoten da alta emanda, ez delako lana urte osoan izaten. Sektoreko enpresentzat ez da errentagarria izaten urte osoan langileak nominan izatea; bizpahiru bai behar- bada, baina ez udan behar izaten diren guztiak.

Hortik abiatuta, urteak dira teknikarion lana erregulatzea eskatzen hasi ginenetik. Gainontzeko ofizioetan bezala, gurean ere hitzarmen bat nahi dugu, zeinak argi utziko dituen kontratazioak, lan baldintzak eta abar nolakoak izan behar duten.

Kultura aisialdiarekin lotzen da sarri, eta hortik etor daiteke zuen ofizioa «seriotzat» ez hartzea, agian?
Ziurrenik bai, baina argitu beharra dago teknikarion lana ez dela mugatzen kontzertuetara-eta bakarrik; kongresuetan eta hala- koetan ere ibiltzen gara lanean. Orokorrean, gizartearentzat ikusezinak gara, ez da gure ofizioa ondo ezagutzen.

Madrilen manifestazio handia egin zuten 'Alerta Roja' lelopean, zuen aferari ikusgarritasuna emateko.
Bai. Kultura eta zuzeneko ekitaldien sektoreko talde eta sindikatu ugari elkartu ziren han, Espainiako Gobernuaren aurrean sektoreari ikusgarritasuna eman etalaguntza eskatzeko, langileen ehuneko handi bat guztiz geratuta baitago. Ostalaritza sektorea, adibidez, bolo-bolo dabil denen ahotan, eta normala ere bada, izurritea sektore horretan sarraski ikaragarria eragiten ari delako. Bada, gure aldetik, saiatu behar dugu jendeak gutaz ere hitz egin dezan. Euskal Herrian bertan, 3.000 teknikari izango gara orain.

Sindikatu edo talderen bateko partaide ba al zara?
'Teknikariok' sindikatuko afiliatua naiz, eta egiten dituzten deialdiak jarraitzen ditut. Bestalde, garai batean, ATAEko kidea izan nintzen. Bilbon sortu genuen elkartea, eta hemengo aurrenekoa izan zen. Euskal teknikarien lan baldintzak duintzea genuen helburutzat, baina kasualitatez, iaz desegin zen taldea.

Zer harreman duzue artistekin?
Gurekin keinu polita izan zuten artistek izurritea hasi zenean, eta sare sozialetan babesa eskaini ziguten, kanpaina baten bitartez. Haiekin batera, gu ere kultura garela aldarrikatu zuten. Artistek ondo ezagutzen dute gure lana, eta balioa ematen diote.

Aurrera begira, itxaropentsua al zara?
Oraingoz, urtarrilera arte dugu aldi baterako erregulazioa, baina ziurgabetasun handia dago gero gerta daitekeenaren inguruan. Ikusiko dugu zer gertatzen den.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!