Baliabide digitalak, eskolen jomuga

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko urr. 23a, 10:05
Orioko Herri Ikastolan, baliabide digitalen oinarrizko ikastaroa abiatu dute LHko gurasoentzat. (Orioko Herri Ikastola)

Beste itxialdi baten mamua zelatan dabil udaz geroztik, eta hezkuntza komunitatea informazio eta komunikazio teknologietan trebatzen ari da etor daitezkeen egoera berriei aurre egiteko. 

Aurreko ikasturtea markatu zuen konfinamendu egoerak agerian utzi zituen hezkuntza sistemak dituen hainbat erronka. «Esan daiteke IKTen eta baliabide digitalen bitartez irakaskuntza-ikaskuntza prozesua bermatu genuela eta irakaskuntza ez zela eten. Egoera berrira moldatzeko gaitasuna erakutsi genuen, baliabide digital ezberdinak erabiliz. Asko ikasi genuen orduan, baina momentu honetan ere ikasten jarraitzen dugu, eta etorkizunean ere hala izango da», azaldu du Orioko Herri Ikastolako zuzendari Amaia Ugaldek.

Hasi berri den ikasturtean haurrak eta gazteak ikasgelara itzuli badira ere, erronka ez da amaitu, inork ez baitaki COVID-19 izurriak zer bilakaera izango duen datozen hilabeteetan. Horregatik, hezkuntza komunitateko kideak baliabide digitaletan trebatzeko ahalegina egiten ari dira.

Ikasleengan eta irakasleegan ez ezik, gurasoengan ere jarri dute arreta hezkuntza zentroek. Orioko Herri Ikastolan, esaterako, baliabide digitalen oinarrizko ikastaroa abiatu berri dute Lehen Hezkuntzako ikasleen gurasoentzat, gurasoak ikasleen hezkuntza prozesuan «ezinbesteko oinarria» direla iritzita. «Aurreko ikasturteko itxialdiaren ondoren, hobekuntzak txertatzeko helburuarekin lanean jardun gara, eta ikasleak baliabide digitaletan trebatzeaz gain, inoiz baino beharrezkoa iruditzen zaigu familiekin harreman sendoak eta komunikazio kanal eraginkorrak izatea. Hori dela eta, ikastaroaren helburua izan da gurasoei oinarrizko trebakuntza digitala eskaintzea».

Hala, Gmail, Meet, Drive eta Google Classroom aplikazioak erabiltzen ikasten ari dira gurasoak, eta 58 familiek eman dute izena formazioan. Ugalderen esanetan, LHn zein DBHn ia baliabide digital berberak erabiltzen dituzten arren, «etapa bakoitzean eskatzen den ezagutza eta sakontasun mailak zeharo ezberdinak dira». Urtero, ikasturte hasieran, IKT ikastaro bat eskaintzen diete DBH 1eko familiei, baina aurten LHko gurasoentzat ere antolatzea erabaki dute, egoera berriak hala eskatuta. 

Orioko Zaragueta Eskola ere eskola komunitatea informazio eta komunikazio teknologietan trebatzeko buru-belarri lanean ari da, eta, bide horretan, hiru lan ildo zehaztu dituzte. Batetik, irakasleek irailean formazio trinkoa jaso zuten, ikasleen beharretatik abiatuta. Bestetik, ikasleekin ikasturte osoan zehar gaia jorratzea erabaki dute, baina, badaezpada ere, irailean eta urrian formazio trinkoa egiten ari direla zehaztu dute. Horrez gain, gurasoei zuzendutako ikastaroa antolatzeko asmoa ere badu Zaragueta eskolak; dena dela, oraindik ez dute zehaztu noiz izango diren saioak, ezta ikastaroan zer landuko duten ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!