Orion eta Aian ez dute positiborik atzeman azken orduetan

Julene Frantzesena 2020ko urr. 23a, 14:09

Atzo gauzatutako PCR probetan, 69 positibo zenbatu zituen Osakidetzak eskualdean. Kasu gehienak Azpeitian, Azkoitian eta Zumaian detektatu zituen beste behin. Dagoeneko indarrean dira birusaren hedapena saihesteko neurriak hiru herri horietan, intzidentzia tasa oso altua dutelako.

Osasun Sailak Azpeitian, Azkoitian eta Zumaian atzeman zituen atzo ere eskualdeko kasu positibo gehienak. Egunean zehar gauzatutako PCR probetan –ez dute zehazten zenbat egiten dituzten herri bakoitzean– 69 positibo zenbatu zituen Urola Kostan: Azpeitian 21, Azkoitian 20, Zumaian hamahiru, Zarautzen hamar, Zestoan lau eta Errezilen bat. Dena den, positiboen kopurua herenegungoa baino baxuagoa da; izan ere, 85 positibo detektatu zituzten orduan eskualdean.

Semaforo gorriak piztuta segitzen du Gipuzkoako 22 udalerritan, baita eskualdeko batzuetan ere, hala nola Azpeitian, Azkoitian eta Zumaian. 5.000 biztanletik gorako herri horiek hamalau eguneko positibo kopuru metatu altua dute. Gipuzkoako udalerrien artean tasa altuena duen hirugarren herria da Azpeitia: 1.414,81. Aurretik dira Ordizia –1.624,87– eta Beasain –1.524,8–. Azkoitiak eta Zumaiak ere intzidentzia tasa oso altua dute, 1.176,08 eta 1.129,77, hurrenez hurren. Errezilek ere izugarrizko intzidentzia tasa –4.299,36– dauka, baina ez da iristen neurriok indarrean jartzeko ezarri dituzten baldintzetara; izan ere, bost mila biztanle baino gutxiago ditu.

100.000 biztanleko 500dik gorako positibotasun tasa daukate, beraz, Azpeitiak, Azkoitiak eta Zumaiak, eta Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen neurri murriztaileak dagoeneko indarrean daude leku horietan. Gainera, Azpeitiko Udalak beste neurri batzuk ere hartu ditu, eta herrian astebururako antolatuta zeuden ekitaldi ia guztiak bertan behera gelditu dira.

Azpeitian eta Azkoitian baheketa selektiboak gauzatu ditu azken asteetan Osasun Sailak, eta litekeena da datorren astean Zumaian egitea. Izan ere, herri horretan baheketa selektiboa egitea aztertzen ari da Osakidetza. 

Kasuak gora eta gora

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan positiboek ikaragarrizko gorakada izan dute azken egunetan, baina baita gauzatutako PCR kopuruak ere. Atzo, esaterako, COVID-19aren pandemiaren bigarren olatuan orain arteko test gehien egin zituzten eguna izan zen; 14.144 proba egin zituzten hiru lurralde horietan. Eta emaitzak ere halakoxeak izan ziren: orain arteko positibo gehien atzeman zituzten atzo, 1.207. Horrenbestez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PCR proba egin zuten herritarren %8,5ek eman zuten positibo.

Lurraldeka honako hauek izan ziren datuak: Araban 87 positiboa; Bizkaian 561; eta Gipuzkoan 545. Gainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren 11 lagunek ere positibo eman zuten proban. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako intzidentzia tasa altua da; izan ere, 452,51ra iritsi da dagoeneko. Lurraldeka, baina, badira aldeak: Arabako tasa 319,54 da; Bizkaikoa 370,21; eta Gipuzkoan 626,33.

Atzo 57 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta gaur egun, 339 lagun daude erietxeetan, herenegungo kopuru berbera. Dena den, gora egin du ZIUn ospitaleratutako pertsonen kopuruak, 69 baitira horiek –herenegun 62 ziren–.

Nafarroan behera egin du positiboen kopuruak: hain zuzen ere, 3.716 PCR eta antigeno proba egin eta 469 kasu atzeman zituzten han atzo. Horrenbestez, testak egin zituzten herritarren %12,6k eman zuten positibo. Atzo bi lagun hil ziren Nafarroan, eta gaur egun, 369 lagun daude hango ospitaleetan koronabirusaren ondorioz, herenegun baino 39 pertsona gehiago. Horietatik 43 daude ZIUn atzoz geroztik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!