"Egoera berrira egokitutako mendi lasterketa batean parte hartu nuen Larraitzen, pasa den asteburuan"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2020ko urr. 24a, 09:00
Sara Peña pasa den asteburuan Larraitzen jokatu zen mendi lasterketan. (Utzitakoa)

Martxoaz geroztik lasterketa gehienak bertan behera gelditu dira, eta badirudi datozen hilabeteetan ere gauza bera gertatuko dela. Hori dela eta, herriko korrikalariak estrategia desberdinak jarraitzen ari dira sasoiari eutsi ahal izateko. Mendi lasterketetan aritzen den Sara Peñarekin hitz egin du KARKARAk, ezohiko denboraldirako dituen asmoak ezagutzeko.

Nola antolatu duzu ezohiko denboraldia?
Aurreko ikasturterako markatu nituen lasterketa luzeenak udaberrian ziren: martxoan, apirilean eta ekainean, eta azken horrekin denboraldia bukatzeko asmoa nuen. Dena dela, konfinamendu agindua ezarri zuten martxoko lasterketa nuen aste berean. Bertan behera gelditu zen hitzordua, baina, hasieran, pentsatzen nuen apirilekoan parte hartzeko moduan izango nintzela. Segituan ohartu nintzen ez zela horrela izango, baina ekainekoa jokatuko zenaren esperantza nuen, azken unera arte ez zutelako bertan behera utzi. Horregatik, konfinamenduan zehar etxean entrenatzen jarraitu nuen, sasoia ez galtzeko, ekainean nahiko gogorra den lasterketa egingo nuela pentsatuz. Era berean, kirola egitea ihesbidea ere izan zen niretzat, itxialdian lanez gainezka ibili nintzelako.

Aurreikusi bezala, udan atsedenaldia hartu al duzu?
Normalean udan ez dut entrenatzen eta hondartzan egoten naiz. Aurten, ordea, lasaiago bada ere entrenamenduekin jarraitu dut, batetik, irailean probaren bat aterako zela pentsatzen nuelako, eta bestetik, ekainera sasoi onean iritsita, hori galdu nahi ez nuelako. Horrez gain, mendira joatea asko gustatzen zait; ihesbidea da niretzat, burua argitzeko balio baitit. Lasterketak ere ulertzen ditut leku eta mendi desberdinak ezagutzeko aukera gisa; horregatik, lasterketa guztietara familiarekin joaten naiz, eta ikasturtean zehar prestatzen naiz lasterketetan ondo sentitzeko eta naturaz gozatu ahal izateko. 

Eta datozen hilabeteetarako zer asmo dituzu?
Hasiera batean, aurreikusten dute udaberrian jokatu ez ziren lasterketa horiek 2021ean egitea, eta dortsala gordeko didate. Pixkanaka lasterketak antolatzen ere ari dira. Pasa zen asteburuan, esaterako, Larraintzen 20 kilometroko mendi lasterketa batean parte hartu nuen. Egoerara egokitutako lasterketa izan zen; musukoarekin atera ginen, metro eta erdiko distantzia mantenduz eta 30 laguneko taldetan banatuta. Taldeen irteeren artean bi minutuko tartea utzi zuten antolatzaileek, beraz, erlojuaren aurkako lasterketa modukoa izan zen; horrez gain, ibilbidean zehar ez zegoen jan-edana hartzeko gunerik. Babes neurriak mantendu behar baziren ere, entrenatzeko motibazioa izan nahi dugunontzat aukera polita izan zen proba. Nik uste dut pixkanaka antolatuko dituztela egoera berrira egokitutako lasterketa gehiago, eta adi-adi nago izena emateko antolatzen dituztenetatik bateren bat gustatzen bazait. Izan ere, gutxi antolatzen direnez, lehen egunean betetzen da edukiera osoa. Mendi lasterketen bueltan gabiltzan guziok berdin gaude, berriz ere mendira ateratzeko eta lasterketen giroa sentitzeko gogo biziz.

Udan, esaterako, telebistan ETB2ko Chiloe saioa ikusten ari nintzela San Nikolas Jaien bueltan Portugalgo Azore irletan egiten den lasterketa baten berri izan nuen. Interneten horren inguruko informazio bila ibili nintzen, eta, bertan behera utzi ez zutela ikusita, izena eman nuen lasterketan. Ez dakit abendua bitartean zer gertatuko den; badirudi neurri murriztaileagoak ezartzen ari direla, eta ez dakit bertara joaterik izango ote dugun.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!