"Memoriaren bulegotik pasatzeko gonbita egin nahi diegu herritarrei"

IƱigo Gaiton 2020ko urr. 28a, 11:03

Aranzadik gaur ere zabalik izango du Memoriaren bulegoa kultur etxean, Orion egingo duten ikerketarako testigantzak biltzeko. Iraitz Arizabaleta da herritarren bizipenak biltzen arituko den Aranzadiko kideetako bat.

Lehengo astean, zer inpresio laga zizun Memoria bulegoa ireki zenuten lehen egunak?
Ona, positiboa. Zenbait herritar pasa zen kultur etxean jarri diguten gelatik, eta bildutako testigantzak aberatsak izan dira ikerketari begira. Ea gaur jende gehiago animatzen den.

Zer garaikoak dira orain artean jasotako testigantzak?
Gerra Zibileko kontaketak jaso genituen, eta 1960. urtetik aurrerakoak ere bai; ikerketako bi faseetakoak, hain zuzen ere.

Orokorrean, jendeari kosta egiten al zaio zuengana hurreratu eta sufrimenduaz aritzea?
Hasieran pixka bat bai, normala den bezala. Zailena jendea guganaino etortzea dela esango nuke. Asko, gurekin juntatu eta haien bizipenak kontatu eta gero, lasaitua hartuta joaten dira.

Posible al da testigantzak modu anonimoan ematea?
Bai, noski, pertsona horrek hala eskatuz gero. Bermatuta dago anonimotasuna.

Beste herrietako esperientziak kontuan hartuz gero, jasotzen duzuen bisita kopuruak gora egiten al du asteek aurrera egin ahala?
Baietz esango nuke. Normalean, aurreneko egunean etortzen den pertsona, aurretik lanketa bat egina duena izaten da. Hurrengo egunetan, herrian Memoria buelgoa irekita egoten dela zabaldu ahala, jendea apurka enteratu egiten da, eta bisita gehiago izaten ditugu.

Testigantza gero eta gehiago bildu, are aberatsagoa izango da ikerketa.
Hori da. Jendearen bizipenak biltzea da herriko memoria aktibatzeko giltza. Askotan gertatzen da, errepresio konkretu batzuk artxibo eta dokumentuetan gordeta ez egotea; Gerra Zibilean emakumeek jasandako indarkeriari buruzko kontuak herrietan ezagutzen dira, adibidez, baina ez daude artxiboetan gordeta. Herritarren parte hartzea da sufrimendu hori guztia dokumentatzeko gakoa, etorkizunean ez dadin ahaztu.

Era guztietako testigantzek dute lekua ikerketan: alde batekoek zein bestekoek, gertakari handi zein bizipen pertsonal txikiagoek…
“Nik zer daukat ba kontatzeko?” galdera egiten dio jende askok bere buruari, etxean ez duelako gerran hildakorik edo espetxean egon den inor. Bada, ikerketan, bizipen guztiek dute tokia, eta garrantzitsua da hori azpimarratzea. Bati huskeria iruditzen zaion zerbait, garrantzitsua izan daiteke ikerketarako.¡

Ikerketaren benetako balioa herritarren testigantzetan al dago?
Bai, dudarik gabe. Guk aztertuko ditugu artxibo eta dokumentuak, baina bizipenek eta testigantzek ematen diote bermea Orioko iraganeko gertakariei. Horrek ematen dio balioa ikerketari, tokikotasunak. Artxiboetako lanketak aseptikoak geratzen dira herritarren bizipenak osagarri ez badira.

Mezuren ba helarazi nahi al diezu herritarrei?
Gugana beldurrik gabe etortzeko esan nahi nieke. Datozen hiru asteazkenetan kultur etxean izango gara, testigantzak bildu eta suertatzen diren zalantzak argitzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!