Indarkeria Sexistaren (H)egiak jardunaldia egingo dute Orion azaroaren 21ean

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 28a, 17:20

Samara Veltek, Esti Linaresek nahiz Susana Minguellek hartuko dute parte jardunaldian. Arraunetxen egingo dituzte saio guztiak, eta besteak beste, hizpide izango dira ziberindarkeria, indarkeria matxistaren irudikapena hedabideetan eta sexu-abusuak haurtzaroan.

Gero eta gutxiago geratzen da aurtengo azaroaren 25erako, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna. Orioko Ahalduntze Eskolak jakinarazi du jada zein den egun horren harira esku artean duen ekimena: Indarkeria Sexistaren (H)egiak jardunaldia prestatu du azaroaren 21erako, larunbata. Arraunetxen izango dira saio guztiak, 10:00etan hasi eta iluntzera arte.

Hiru hitzaldi nagusi izango dira egun horretan. Batetik, "indarkeria matxistaren irudikapenaren" inguruan ariko da Samara Velte, eta "komunikabideek eta diskurtso juridikoek" "prozesu horretan" betetzen duten papera aztertuko du. Bestetik, "emakumeen gorputzen kontra eta (hetero)normatibitatea apurtzen duten pertsonen aurka ematen diren ziberindarkeria matxisten inguruan" jardungo du Esti Linaresek, horren aurrean ehundu diren "erresistentziak" argitara aterata. Azkenik, Susana Minguellen hitzaldia izango da, beste gai "gordin" bati helduta: haurtzaroko sexu-abusuen inguruan mintzatuko da, "sentsibilizazioaz" harago, "beste begirada" bat landuz.

Saio horien ostean, Uxue Alberdi eta Ane Labaka bertsolariek hartuko dute hitza: haien errima eta doinu artean emango diote amaiera Indarkeria Sexistaren (H)egiak jardunaldiari, 19:00etatik 19:30era.

Orioko Ahalduntze Eskolak azaldu duenez, aldez aurretik eman behar da izena, posta elektronikoz (ahalduntzeeskola@orio.eus) edo telefonoz (623 178 553).

Egitaraua

  • 09:30-09:45. Harrera
  • 09:45-10:00. Aurkezpena
  • 10:00-11:30. Nik sinesten dizut: indarkeria matxistari buruzko diskurtsoak eta euren irudikapena komunikabideetan. Samara Velte
  • 11:30-12:00. Hamaiketakoa, Lakari Kooperatibaren eskutik
  • 12:00-13:30. Ziberindarkeria matxistak eta erresistentziak sarean. Esti Linares
  • 16:00-19:00. Palabras Dislocadas. Conversación sobre abusos sexuales en la infancia (gazteleraz). Susana Minguell
  • 19:00-19:30. Itxiera. Uxue Alberdirekin eta Ane Labakarekin

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!