Kezka eta ziurgabetasuna herriko ostalarien artean

Iñigo Gaiton / Aiora Larrañaga 2020ko urr. 30a, 15:46

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako azken neurriek Orioko ostalaritzan nola eragin duten jakiteko, hainbat negozioetako arduradunak elkarrizketatu ditu KARKARAK: Xixario eta Sarasua erretegiak eta Txanka-Erreka eta Mirotza ostatuak.

Luis Mari Uranga (Xixario Erretegia): "Inork ez daki zehazki zer egin daitekeen eta horrek jendeari kezka sortzen dio"

COVID-19aren pandemiak okerrera egin du azken asteetan, eta neurri murriztaileak ezarri dituzte Espainiako Gobernuak eta  Eusko Jaurlaritzak. Ondorioak jasaten ari al zarete?
Guri oporretan harrapatu gaituzte neurri berriek. Garai honetan hartzen ditugu oporrak; 45 egun inguru ixten dugu, udan ez dugulako egun bakar bat ere libratzen. Hasiera batean, San Nikolas Jaietarako irekitzea da gure asmoa, baina pandemiak zer bilakaera izaten duen ikusi behar dugu lehenengo, oraingoz ez du itxura onik eta.

Ostalaritzarentzat kolpe gogorra izan al da?
Hamabost egun baldin badira, gaindituko dugu; baina nork daki zer gertatuko den, aurrekoan ere hamabost egun izango zirela esan zuten, eta asko luzatu zen. Nik sektorean lan egiten duten lagun asko ditut Donostian eta Getarian, eta jatetxe asko itxi egin dituzte. Guk kanpoko jendearekin egiten dugu lan nagusiki astean zehar, eta asteburuetan herrikoak mugitzen badira ere, bisitariak izaten dira gure bezero nagusia. Beraz, nork bere herritik atea ezin badu, garai beltza biziko dugu. 

Eta datozen hilabeteetan zer gertatuko da?
Azaroa eta abendua hilabete zailak izango dira. Ixteko agindua ematen ez badute ere, 23:00etako etxean egon behar dute bezeroek, eta horrek esan nahi du 22:30erako atera behar dutela jatetxetik. Gainera, neurrien interpretazioan ere badaude hainbat gora-behera; inork ez daki zehazki zer egin daitekeen eta horrek jendeari kezka sortzen dio. Badakigu ondoko herrietara joan gaitezkeela, baina ez dakigu zer egin dezakegun bertan. Herritarrak mareatzen ari dira, egun batetik bestera aldatzen dituztelako arauak eta ez dutelako ezer argirik esaten. Gauza bakarra dakit, aurtengo Gabonak ez direla izango beste urteetan bezalakoak. Pandemiari laster buelta ematea espero dut, ea txertoa azkar iristen den.

 

Lide Yeregui (Sarasua Erretegia): “Janaria etxera eramateko zerbitzua martxan jarri dugu”

Neurri berriek nola eragin dute jatetxearen egunerokoan?
Antzeman dugu aldaketa. Egoera normalean, asteburu honetarako erreserba asko izango genituzke, baina, oraingoz, gutxi ditugu. Uste dugu jendeak ez duela erreserba egin prebentzioz, ziurgabetasun egoera batean murgilduta gaudelako, baina asteburuan jendea animatuko dela pentsatzen dugu. Izan ere, guk zortea dugu bisitariekin nahiz herritarrekin lan egiten dugulako, eta hurrengo hilabeteetan oriotarrekin eta ahal bada aldameneko herrietakoekin lan egiteko esperantza dugu.

Egoera berri honetara egokitzeko ekimen berririk egin al duzue?
Bai, janaria etxera eramateko zerbitzua martxan jarri dugu, eta sare sozialen bidez ezagutarazten ari gara eskaintza.  Hasiera batean, etxera eramateko errazenak diren produktuak eskaini baditugu ere, karta guztia dute eskuragarri herritarrek. Oraindik ezezaguna da zerbitzua, baina pixkanaka oihartzuna izatea espero dugu.

Nola aurreikusten dituzue datozen hilabeteak?
Badakigu egoera ezegonkorra dela, eta gure ikuspegia ere aldatuz doa: batzuetan baikorragoak gara eta besteetan ezkorragoak. Guk lanean jarraitu nahi dugu, eta babes neurri guztiak errespetatuz, jatetxea irekita eduki, ixteko agindua ematen duten arte, behintzat. Herritarrekin lan egiten saiatuko gara, eta ahal dugun heinean terraza irekita izaten ahaleginduko gara, gainera.

 

Iraitz Segurola (Mirotza room & apartments): "Bihartik aurrera ez dugu bezeroen erreserbarik"


Nola eragin dute azken neurriek zuen negozioan?
Uda ona izan eta gero, neurri hauekin ziurgabetasun handia dugu berriro. Jendeak ezin du herritik sartu-irtenik egin, eta horrek eragin zuzena du gure negozioan. Bihar dugu azken erreserba, eta datozen egunetarako ez dugu lanik aurreikusten.

Datozen egunei begira, sektore batzuetako langileek badute atzera eta aurrera ibiltzeko aukera oraindik —komertzialek, adibidez— eta ez dakigu horien zain egoteak merezi digun, edo hobe den negozioa ixtea, egoerak hobera egin arte. Hurrengo astean mugimendurik ez bada, itxi egingo dugu ziurrenik, epe luzerako.

Gelak eta apartamentuez gain, taberna ere irekitzeko asmoa zenuten eraikinaren behealdean. Oraindik itxita jarraitzen du. Ekainean ireki nahi genuen, bai, baina egoera ikusita, zain egotea erabaki dugu.

Zer tankera hartzen diezu datozen hilabeteei?
Udaberrian izandako esperientziak erakutsi zigun edozer gertatu daitekeela: martxoan benetan beltz itxura zuen udak, eta gero nahikoa ondo joan da. Bada, orain, iruditzen zait laster emango dutela etxeratzeko agindua, eta itxita egongo garela abendura arte edo, gero Gabonetan berriro atera eta kontsumitu ahal izateko. Agintariek erabakietan ekonomiak duen pisua hartuz, halako zerbait gertatu daitekeela iruditzen zait.

 

Iñaki Makazaga (Txanka-Erreka Hotela): "Ez digute negozioa itxi, baina egoerak horretara bultzatu gaitu"

Nola eragin dute azken neurriek zuen negozioan?
Hotela itxi egin behar izan dugu, bezerorik ez dugulako. Garai honetan, komertzial arloko langileak dira gure bezero gehienak, eta orain horietako askok bilerak internet bidez egiten dituztenez, ez dira hemendik pasatzen. Ondoko herrietako jendearekin bakarrik, gure negozioa ez da errentagarria.

Osasun krisiaren aurrean, osasuna da garrantzitsuena, eta hori lehenetsi behar da erabakiak hartzean. Hala ere, neurriei erreparatuta, badirudi turismo eta ostalaritza alorreko negozioetan bakarrik gertatzen direla kutsatzeak, eta ez da horrela.

Egoera berrira egokitzeko neurriren bat hartzerik izan al duzue?
Ezin dugu ezer egin. Guri ez digu inork negozioa ixteko agindu, baina egoerak horretara bultzatu gaitu. Espero dugu sektorera laguntza batzuk bideratzea aurrerantzean.

Zer tankera hartzen diezu datozen hilabeteei?
Ez dut aurreikusten ganoraz lan egiteko aukerarik izango dugunik. Datorren astetik aurrera edo berriro etxean sartuko gaituztela iruditzen zait, baina auskalo.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!