Nola jarri dute Mendibeltzen belar artifizal berria?

IƱigo Gaiton 2020ko urr. 31a, 09:00

Hogeita bost egun behar izan dituzte langileek lanak egiteko. Bitxikeria modura aipatu, traktoreak 1.000 kilometro egin dituela atzera eta aurrera zelaian azken egunetan, lurrean botatako kautxua orrazten eta trinkotzen.

Orioko futbolariek prest dute zelai berria. Zaharra pusketaka kendu ondoren, lanak egin dituen enpresak hogeita bost egun behar izan ditu berria jartzeko.

Morad El Irissi lanen arduradunak azaldu duenez, hau izan da zelai berria jartzeko prozesua, behin zaharra kendu eta gero:

  1. Hormigoizko lurrean konponketak egin, zuloak tapatu.

  2. Tela irazgaitza jarri gainean, zatika, lurrari kolarekin itsatsita. Zati bakoitza jartzeko 10 minutu behar izaten dira, baina haizearen ondorioz, tarteka ordubete ere behar izan dute.

  3. Tela markatu eta belarra jarri zatika.

  4. 158 tona hondar bota eta zabaldu.

  5. 115 tona kautxu bota eta zabaldu.

  6. Traktorearekin kautxua zanpatu eta orraztu, materiala trinkotzeko eta belarra tentetzeko. Sei zentimetroko altuera du belarrak, eta zentimetro eta erdi geratzen da agerian.

Ondo bidean, 13 urte iraungo du egoera onean zelaiak, zortzi taldek erabiltzen dutela kontuan izanik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!