Angelica Acosta: "Mexikon jai giroan gogoratzen ditugu hildakoak"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko urr. 31a, 16:25
Katrina buru-hezurra inspirazio duen makillajea. (Utzitakoa)

Bihar, Santu Guztien Eguna izango da, eta herritarrek gogoan izango dituzte hilda dauden familiakoak eta lagunak. Euskal Herrian ez ezik, Mexikon ere ospatzen da eguna, eta aspalditik Orion bizi den Angelica Acostarekin hitz egin du KARKARAK, bere sorterriko ohiturak ezagutzeko.

20 urte daramatza Angelica Acosta mexikarrak Orion, baina bizi-bizirik eusten ditu sorterriko ohiturak. Azaroaren 1ean eta 2an, esaterako, jai giroan ospakizun ugari egiten dituzte Mexikon Santu Guztien egunaren bueltan, eta kolonaurreko kulturatik jaso dituzten ohiturez hitz egin du Acostak KARKARArekin. "Mexikon ospakizuna urriaren 31n, gauean, hasten da. Azaroaren 1ean, haur edo gazte hil zirenak gogoratzen ditugu, eta hurrengo egunean, gainontzekoak". Bi esparrutan egiten dituzte ospakizunak: etxean eta hilerrian.

Etxeetan aldareak
Alde batetik, Mexikoko etxe gehienetan egun hauetarako aldareak jarri ohi dituzte, baita jatetxeetan, eskoletan, liburutegietan eta antzeko guneetan ere. "Tamaina askotakoak izan daitezke, bakoitzaren baliabideen arabera", azaldu du Acostak. Hiru motatako aldareak daude: bi mailakoak, zerua eta lurra sinbolizatzen dituztenak; hiru mailatakoak, zerua, lurra eta infernua irudikatzen dituztenak, eta zazpi mailakoak, zazpi bekatu nagusietan oinarritzen direnak.

Mexikoko unibertsitate batean jarritako aldarea.

Acostak ere jartzen du aldarea bere Orioko etxean, eta honako elementuak izan behar dituela azaldu du: hildakoaren argazkia; urez betetako edalontzi bat, sinismenaren arabera zenduak egarriz iristen direlako etxera, bide luzea osatu ondoren; gatza, gonbidatuta ez daudenak etor ez daitezen, eta kandela, bidea argitzeko".

Egun hauetarako lore jakin bat ere badute Mexikon, Senpasuchil izeneko lorea. "Kolore hori-laranja du, eta oso usain atsegina. Horregatik, etxearen sarreratik aldarerainoko tartean lorez osatutako bidexka osatu ohi dugu, hildakoak etxera itzultzen direnean usain gozoa aurkitu dezaten".

Hildakoen-ogia

Horrez gain, janariak ere garrantzi handia izaten du aldareetan, hildakoaren jakirik eta edaririk gustukoenak jartzen dituztelako; baita, azukrezko buru-hezur txikiak (zenduaren izenarekin) eta hildakoen-ogia ere; azken hori errege-opilaren antzekoa da eta gainean opilezko hezurtxoak izaten ditu. "Aurten, esaterako, zoritxarrez, nire aitaginarreba hil da, Florentino Martikorena, urte luzez Orioko Udaleko idazkaria izan zena. Hari bere tiopepea [Tio Pepe ardoa] eta txorizo pintxoa jarriko dizkiogu, asko gustatzen zitzaizkiolako", azaldu du.

Mexikarraren esanetan, familia giroko ohitura da aldarea egitea. "Aipatu ditudan elementuez gain, dekorazioa ere jarri ohi da, eta etxeko kide guztiek laguntzen dute aldarea osatzen. Gu atzo hasi ginen prestaketa lanetan, eta nire seme-alabek ere pate hartzen dute. Mexikarrak familia girokoak gara, eta ahal dudan heinean nire sorterriko kultura eta ohiturak erakusten saiatzen naiz seme-alabei, beraientzat oso aberasgarria delako bi kultura izatea".

Jaiak hilerrian
Etxeetan aldareak jartzeaz gain, Mexikoko hilerrietan jai giroa izaten da nagusi azaroaren 1ean eta 2an. Familiek jatekoa eta edatekoa eraman ohi dute hilerrira, eta festa egiten dute hilobiaren inguruan, hildakoa bertan izango balitz bezala. "Zenduarentzat baso bat ur ere jartzen dugu, sinismenak dioelako edatera etortzen dela ospakizunean zehar. Eta, egia esan, egunak pasa ahala edalontziko ura gutxitu egiten da; lurrundu egiten delako izan daiteke, baina guk esate dugu hildakoa ura edatera etorri dela", adierazi du mexikarrak.

Acostaren esanetan egun horietan bete egiten dira hilerriak festa giroan. Mota askotako musika tradizionala dute Mexikon, eta jendeak mariatxiak, jarotxoak edo norteñoak eramaten dituzte hildakoei gustatzen zitzaizkien abestiak kantatu ditzaten. "Horrela ikusita, badirudi ez dugula nahigaberik sentitzen. Ez da horrela, gu ere triste sentitzen gara egun hauetan, baina gure artean ez daudenak gogoan izateko modua dela uste dugu. Pertsonak hilda daude norbaitek gogoratzen ez dituen unetik. Zenduekin lotura horri eusten badiogu, ez dira joango gure artetik. Guk Mexikon esaterako, egunerokoan oso presente izaten ditugu hildakoak. Orainaldian hitz egiten dugu beraietaz. Adibidez, esan ohi dugu: Nire amonak esaten duen bezala.... Edo hilerrira joaten garenean diogu: Nire ama ikustera noa, nahi al duzu zerbait eramatea?".

Katrina buru-hezurra
Mexikon hildakoen egunean egiten diren jaialdietan mozorroak eta makillajea ere ez dira falta. Txapela handiz jantzitako Katrina buru-hezurra da zenduen eguneko ikur adierazgarriena. "Nahiko ohitura berria da, XIX. mende hasierakoa. Garai batean, herritarrek agintarien gehiegikerien aurka egiten zituzten protestak irudikatzeko burezurrak erabiltzen zituzten egunkarietan. Jose Guadalupe Posada karikaturagileak buru-hezurrari txapela ikusgarria jarri zion, garbantzu saltzaileei iseka egiteko. Izan ere horiek indigenak baino inportanteagoak sentitzen ziren dirua zutelako. Mexikarren buru-hezurra eta europarren txapela uztartu zituen, kritika gisa. Ondoren, Diego Rivera muralistak jarri zion Katrina izena buru-hezurrari, eta belaunaldi bakoitzak bere ekarpena egin dio".

Katrina buru-hezurra

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!