Orioko anbulatorioko langileak grebara deituta daude biharko

Julene Frantzesena 2020ko aza. 4a, 14:29

Gipuzkoa osoko Osakidetzako beharginak daude 24 orduko grebara deituta. ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuek egin dute deialdia, COVID-19aren pandemiaren ondorioz osasun zentroetan eta ospitaleetan bizi duten egoera salatzeko.

COVID-19aren pandemiaren ondorioz osasun zentroetan eta ospitaleetan bizi duten egoera salatzeko, Gipuzkoako Osakidetzako langileak 24 orduko grebara deituta daude biharko, osteguna, Orioko anbulatorioko beharginak barne. ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuek egin dute greba deialdia, eta KARKARAri adiotenez diotenez, oraindik ez dakite zein zerbitzu eskainiko dituzten Orioko osasun zentroan, baina Zarauzko anbulatorioak bermatuko ditu gutxieneko zerbitzuak. Izan ere, langileek hedabide honi azaldutakoaren arabera, asanbladarik ez da izaten, eta grebaren egunean bertan jakiten dute zer nolako erantzuna izan duen deialdiak.

Sindikatuek azaldu dutenez, osasun zentroetako eta ospitaleetako egoera "larriagotzen" ari da egunez egun, eta egoeraren aurrean, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak deirik egin ez izana eta Osakidetzak pairatzen dituen "egiturazko arazo larriak arintzeko" neurririk proposatu ez izana salatu dute. Izan ere, sindikatuen arabera, gabezia horiek larriagotu egin dira egungo osasun krisiarekin. "Plantillaren egoera kezkagarria salatu nahi dugu. Egoera hori egunetik egunera larriagotzen ari da pandemiaren bilakaeraren ondorioz, eta horren ondorioak, langileek ez ezik, herritarrek ere jasaten dituzte".

Uda aurreko konfinamendua igarota, Osakidetzak plangintza egokirik ez duela jarri martxan adierazi dute sindikatuek, "ezta birusaren berragerraldiei bermeekin aurre egiteko beharrezko errefortzuak ere". Horien arabera, koronabirusaren pandemia hasterako "lan gainkarga sistematikoa" zegoen Osakidetzan: "Gaur egun, berriz, modu esponentzialean biderkatu da lana, eta inoiz baino garrantzitsuagoak dira iristen ez diren errefortzu horiek. Aurreikuspen faltaren adibide on bat da aztarnarien taldea orain ari dela indartzen, birusaren hedapena berriz ere kontrolik gabe gelditu denean".

Plantilla handitzeko premia

Errealitatea "tematia" dela adierazi dute biharko greba deialdia egin duten sindikatuek: "Eusko Jaurlaritzak dio gure osasun sistema ez dagoela gainezka eta kolapsatuta, eta 3.000 langile gehiagorekin indartu duela. Baina lehen arretako osasun zentroetara joaten diren herritarrek ez daukate zalantzarik erabat gainezka dagoela eta egoera okerrera doala. Gauza bera esan dezakegu gainerako arreta mailei buruz, lan-karga eta presioa gero eta handiagoak baitira". Horri lotuta, grebaren deitzaileek Osakidetzaren egiturazko plantillan 5.000 plaza sortzea eskatu dute beste behin, pandemiarekin plantilla handitzeko premia areagotu egin delako.

Sindikatuak ados agertu dira Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esandako gauza batekin: "Osakidetzan lana aurrera ateratzen da, baina ez sistema indartu delako, langileen inplikazioagatik eta ahaleginagatik baizik; izan ere, plantilla akituta dago. Lehen olatuari oso egoera larrian aurre egin ondoren eta borondate ona izan arren, langileak ez dira denera iristen".

Aurreko astean Arabako osasungintzan egin zuten greba "arrakastatsutzat" jo dute sindikatuek, baina salatu dute Osasun Sailak ez duela inolako elkarrizketarik izan orduz geroztik. Gainera, "iluntasuna eta informazio falta" dagoela salatu dute horiek. Era berean, gaur-gaurkoz mahai gainean jarri dituzten aldarrikapenen inguruko negoziaziorik ez dagoela salatu dute, eta adierazi dute "premiazkoa" dela hitzetatik ekintzetara pasatzea eta osasun publikoaren etorkizuna bermatuko duten zein profesionalak errespetatuko dituen irtenbideak martxan jartzea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!