‘Indarkeria sexistaren (h)egiak’ jardunaldia antolatu du Ahalduntze Eskolak

Iñigo Gaiton 2020ko aza. 5a, 12:30
Ahalduntze Eskolaren aurkezpeneko argazkia. Artxiboko irudia.

Egun osoko programa egingo dute azaroaren 21ean, eta Arraunetxen izango da jardunaldia. Parte hartzeko, aurretik egin beharko da izen ematea.

Orioko Ahalduntze Eskolak antolatuta, ‘Indarkeria sexistaren (h)egiak’ jardunaldia egingo da azaroaren 21ean, larunbatarekin, Arraunetxen. 9:30ean hasi eta 19:30era bitartean, egun osoko programa izango dute parte hartzaileek.

Goizean, Samara Veltek indarkeria matxistari buruzko diskurtsoak eta horiek komunikabideetan duten irudikapena izango ditu hizpide. Kasu konkretu baten azterketatik abiatuz, inguruko hedabideek nola jokatu izan duten aztertuko dute. Eguerdi partean, bazkaldu aurretik, Esti Linares ziberindarkeria matxistaren eta sareko erresistentzien inguruan arituko da. Praktika profesionalean jasotako esperientziak eta ikerketetako datuak bilduz, panorama zabal bat erakutsi eta aztertuko dute.

Arratsaldean, haurtzaro sexu abusuen inguruko lanketa egingo da, Susana Miguellekin batera, ‘Palabras Dislocadas’ proiektuan egiten ari diren lana ezagutzearekin batera: haurtzaroko sexu abusuak ikusgarri egiteko eta salatzeko helburuarekin sortu zuten egitasmoa. Jardunaldia Ane Labaka eta Uxue Alberdi bertsolariek itxiko dute, ordu erdiko emanaldiarekin.

Ekimenean parte hartzeo interesa duen orok azaroaren 16a baino lehen egin behar du izen ematea, Ahalduntze Eskolara deituta edo idatzita: 623178553 / ahalduntzeeskola@orio.eus

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!