"Ahalegin handia egin dugu taberna toki segurua izan dadin, eta kolpea izan da berriro ixtea"

IƱigo Gaiton 2020ko aza. 8a, 18:33

Baraka tabernako arduraduna da Julen Bueno. Abailduta dagoela aitortu du elkarrizketan, atzo indarrean sartu ziren neurrien ondorioz establezimendua itxi eta gero.

Atzo sartu ziren indarrean neurri murriztaile berriak, larunbatarekin. Zer sentsazio duzu gaur? 
Abailduta eta nahastuta nago, egia esan. Kolpea hartu dugu neurri hauekin.

Espero al zenuen berriro taberna itxi behar izatea?
Ez. Gure esku egon den dena egin dugu taberna toki segurua izan dadin: aireztapen sistema berritu, uneoro jende edukiera errespetatu, higienea zorrotz zaindu...

Espero gabe jaso nuen albistea lehengo astean. Gainera, gauzak aldrebes egiten hasita, benetan aldrebes egin dituzte; ostegun iluntzean izan genuen neurriaren berri, eta ordurako, egina genuen astebururako produktuen eskaria. Asteburuan lana egiteko aukera eman izan baligute sikiera, baina hori ere ez.

Nahastuta zaudela erantzun duzu aurreneko galderan.
Bai, informazio eta des-informazio handia dagoelako. Esparru horretan, agintariak ez dira ondo ari, ez dituzte gauzak argi azaltzen.

Neurri murriztaile berrien abisua jasotakoan, gure aholkulariari deitu nion, eta pentsatu dezakezu nola zeuden bulegoan: kristoren dei zaparrada zuten, Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko espedienteen inguruan mila zalantza,... Nahasmen handia dago sektorean, eta ez da erraza nola jokatu erabakitzea.

Azken neurriekin, ostalaritza izan da sektore kaltetuenetakoa. Zer iritzi duzu horren inguruan?
Agintariek gure sektorea asko seinalatzen dutela uste dut, eta ziurrenik, beste sektore askotako enpresetan ere kutsatzen da jendea; alegia, tabernetan kontrol handia dago, bai gure aldetik eta baita bezeroen aldetik ere. Gizarteak gure lana bertatik bertara ikusten du, eta begi asko izaten ditugu gainean. Horregatik, tabernan osasun neurriak zorrotz betetzen direla ikusi dut azken hilabeteetan, langileen eta bezeroen ahaleginari esker. Ez zait iruditzen izurritea geratzeko gakoa denik gure negozioetako ateak ixtea, baina ikusiko dugu.

(...)

Gainera, tabernak itxita eta etxeratze agindua goiz jarrita, jendea etxeetan biltzera bultzatzen ari direla iruditzen zait, kontrolatzeko zailagoak diren tokietara.

Urtea zaila ariko da izaten ekonomikoki.
Bai. Udaberrian aurreneko masailekoa hartu genuen, eta udan gogotik egin behar izan genuen lana —langile gutxiagorekin— aurreko hilabeteei buelta eman ahal izateko.

Orain, poliki-poliki negozioa berriro martxa hartzen ari zenean, ateak ixtera behartu gaituzte berriro. Kostako zaigu honi buelta ematea.

Zenbat lagunekoa da zuen lantaldea?
Hamabi gara guztira.

Laguntza edo baliabiderik ba al duzue aurrera egiteko?
Aldi Baterako Enplegu Erregulazio espedienteen gaia polita da agintarien ahoan entzutean, baina gordinagoa da errealitatean. Enpresaren edo establezimenduaren egoeraren arabera, zaila da laguntza horiek ondo kudeatzea.

Gero, Elkargiren bitartez-eta eskatu daitezke laguntzak, baina finean, kredituen antzeko diru-uzteak dira; alegia, zorra, gero itzuli egin behar izaten den dirua.

Zer erreakzio izan dute bezeroek azken egun hauetan?
Ostiral iluntzean, afariak ematerakoan, maitasun keinu ugari jaso genuen herriko jendearen partetik. Pena atzematen zen jendearengan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!