Patxi Urangak gaua pasatzera bakarrik joan beharko du Martutenera gaurtik aurrera

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko aza. 9a, 14:46
Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster beren bi alabekin Aranjuezeko espetxetik atera berritan.

Olatz Lasagabasterri, berriz, asteburuko baimena luzatu diote ostegunera arte. Bi presoek hirugarren gradua izango dute aurrerantzean. Urangaren kasuan, 22:00etatik 07:00etara egon beharko du espetxean, eta asteburuak libre izango ditu.

Hamar hilabetez gurasoak ikusi gabe egon ondoren, ostiralean bildu zen Xua Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster gurasoekin. Asteazkenean, Martutenera lekualdatuko zituztela eta hirugarren gradua emango zietela jakin ondoren, ostiralean, Aranjuezeko espetxetik atera ziren presoak hiru eguneko baimenarekin; asteburua Usurbilen pasa dute, eta gaur goizean Martuteneko espetxean aurkeztu dira, Espetxe Zuzendaritzak zehaztu bezala.

Martutenera joan direnean, ez zekiten zein espetxe-erregimen ezarriko zieten datozen hilabeteetarako. Hala, Xua Gurasoekin Etxera plataformak azaldu duenez, Urangari astelehenetik ostegunera 22:00etatik 07:00etara espetxera lotara joateko agindua ezarri diote, eta asteburuak libre izango ditu. Lasagabasterri, berriz, ostegunera arte luzatu diote baimena. "Izan ere, Martuteneko espetxeak ez du amen modulua, eta ez dago egokituta ama eta hilabete gutxiko haurtxoa han hartzeko", adierazi dute.

Xua Gurasoekin Etxera plataformako kideen esanetan, azken egunetako gertakariak "pozgarriak" izan dira. "Pasa den urtean lanketa handia egin genuen Patxi eta Olatz Xuarekin batera Euskal Herrira etor zitezen. Ez zen posible izan, eta kolpea izan zen guretzat, bagenekielako familiak egoera gogorra biziko zuela. Gainera, hilabete gutxira, COVID-19a iritsi zen, eta familiak elkar ikusteko zituen baldintzak okertu egin ziren, eten egin baitziren aurrez aurreko bisitak. Horregatik, oso pozik gaude azken egunetan eman diren aurrerapausuekin, eta laster baldintzapeko askatasuna lortzea espero dugu", eman dute jakitera.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!