Gutuna: Patxi eta Olatzen egoeran aldaketa nabarmenak

Xua Gurasoekin Etxera 2020ko aza. 9a, 14:52

Xua Gurasoekin Etxera plataformak gutuna argitaratu du Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster presoek azken egunetan izandako aldaketak azalduz.

Aspaldiko partez berri onak izan genituen joan den astean. Espetxeetako Zuzendaritzak behingoz gradu aldaketa onartu zien Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoei, eta Martuteneko espetxera lekualdatzeko agindu zuen. Ez hori bakarrik; horren ondorioz, lehendik baimendua zuten egun batzuetarako irteera baimenak gauzatzea erabaki zuen Aranjuezeko agintaritzak, halako batean. Dena arrapaladan iritsi zen.

Hala, ostiralean (azaroak 6) familia Madrilgo espetxera joan zen Olatz, Patxi eta Maddiren bila. Orduak pasa zituzten atean noiz aterako zain, baina, azkenean, denok ikusi ahal izan dugun argazki hunkigarria egia bilakatu zen. Hilabeteak ikusi gabe zuten Xuarekin familia osatua, laurak irribar erraldoi batean batuta.

Larunbateko ordu txikitan iritsi ziren Usurbilera. Asteburu oso berezia igaro dute elkarrekin, eta irteera baimena amaituta, biak ala biak astelehen goizean Martuteneko espetxean aurkeztu dira. Maddi haurtxoarekin bertan egoteko baldintza egokirik ez dagoenez, kanpoan egoteko baimena luzatu diote Olatzi ostegunera arte. Orduan, erabaki finkoago bat hartu beharko dute bere egoera zein izango den zehazteko. Patxik berriz, astelehenetik ostegunera lotara joan beharko du espetxera.

Urteak dira herriko erakunde, talde, eragile eta herritar andana Olatzi eta Patxiri espetxe legeria arrunta aplikatzea exijitzen ari dela. Hamaika ahaleginen ostean, beren kasuan bederen, gauzatzen hasi da behingoz. Espero dezagun bide hori urratzen segitzea eta laster biak ala biak baldintzapeko askatasunean gure artean izatea.

Gertaera honek sekulako poza eragin du Orion eta Usurbilen eta, zer esanik, ez bi presoen familietan eta lagunen artean. Alta, alferrikako sufrikarioa eten eta sentimendu berbera errepikatzea nahi dugu, behar dugu hobe esanda, gainerako euskal preso politiko guztien kasuan. Horregatik eta horretarako, lehenik eta behin adinez nagusiak diren presoei, gaixo edo baldintzapean daudenei, berehala kaleratuak izan daitezkeenei, legeria arrunta aplikatzea exijitzen jarraituko dugu. Euskal preso guzti-guztiak behin betiko etxeratuak izateko lehen urrats bezala. ETXEAN ASKE ETA BIZIRIK NAHI DITUGULAKO.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!