Ostalariak eta merkatariak diruz lagunduko ditu Orioko Udalak, COVID-19ak sortutako gastuei aurre egiteko

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko aza. 10a, 11:02
Orioko Eusko Gudari kalea.

Orioko ostalaritza eta merkataritza sektoreari laguntzeko 24.741 euroko diru partida jaso du udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamenduaren eskutik.

Orioko Udalak ezohiko diru laguntza lerroak sortu ditu, herriko ostalaritza eta merkataritza sektoreko mikroenpresei –hamar lagun baino gutxiagoko enpresei– eta norbere konturako langileek laguntzeko. Hala, diru laguntzak emango dituzte inbertsioak egiteko eta ekipamenduak eskuratzeko, COVID-19ak sortutako egoeran jarduera ekonomikoari, enpleguari eta lehiakortasunari eusteko. Guztira, 24.741 euroko diru partida jaso du Orioko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamenduaren eskutik.

Orioko Udalak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoaren arabera, diruz lagunduko dituzte 2020ko martxoaren 14tik eskaera aurkeztu arte egindako gastuak, COVID-19ari aurre egiteko neurriekin lotura zuzena badute. Besteak beste, lokalak eta lan moduak egokitzeko eta babeserako egindako inbertsioak: banaketa sistemak (adibidez manparak); ordainketa sistema berriak; seinalizaziorako euskarriak (kartelak, biniloak, ...); desinfekzio aparailuak, contactless sistemak, aireazio sisteman aldaketak. Horrez gain, bezeroekin eta entitate hornitzaileekin lan erlazio berrietara egokitzeko egindako teknologia inbertsioak eta ekipamenduak ere lagunduko ditu diruz udalak. Dena dela, azken arlo horretan hainbat muga zehaztu dituzte: sakelako telefono, tablet eta antzekoetan gehienez ere elementu bakoitzeko 200 euroko kostua hartuko dute kontuan diru laguntza kalkulatzeko, eta ekipamendu informatikoek kasuan gehienez ere 600 euro.

Abenduaren 11n amaituko da diru laguntza eskaerak aurkezteko epea, eta, horretarako, beharrezko datu eta dokumentazio osagarriak Orioko Udaleko Egoitza Elektronikoaren bidez aurkeztuko beharko dituzte ostalari eta merkatariek.

Diru-laguntzen inguru informazio osatua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean dago eskuragarri.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!