Bi Mintzalagun talde osatu dituzte Orion

Karkara 2020ko aza. 10a, 17:30

Orion bi Mintzalagun talde sortu dituzte, eta astero elkartzen dira euskaraz hitz egiteko. Urola Kosta mailan, guztira, 55 lagunek eman dute izena. Ostegun honetan izango da ikasturteari hasiera emateko ekitaldia, Zarautzen.

Martxan da Mintzalagun programa Urola Kostan. 55 pertsonak eman dute izena orotara, eta 15 talde sortu dituzte: hamabi Zarautzen, bi Orion eta bat Zumaian. Hala, astean behin elkartzen dira bidelariak eta bidelagunak, euskaraz aritzeko eta praktikatzeko. Pandemia dela eta, baina, solasaldiak online egiteko aukera ere izango da aurten; hain zuzen, telefono bidezko dei edota bideo-dei bidez.

Ikasturtea hasi badute ere, Mintzalagun taldeetan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete oraindik, telefonoz (625 485 215), posta elektronikoz (urolakosta@aek.eus), nahiz Urola Kostako AEK euskaltegira edo Zarauzko Udal Euskaltegira bertaratuta.

Ekitaldia ostegunean

Urola Kostako Udal Elkarteak jakinarazi duenez, ostegun honetan, azaroak 12, ikasturteari hasiera emateko ekitaldia egingo dute Zarauzko Antoniano aretoan. 19:00etan izango da, eta besteak beste, Euskañolitis bakarrizketa eskainiko du Oihan Vegak. "Bakarrizketa dibertigarri eta ironikoa da; zehazki, gonbidapen umoretsua jendeak euskararen erabileraren inguruko hausnarketa egin dezan", dio UKUEk.

Dena den, oraingoan, Mintzalagun programan izena eman duten zarauztarrek soilik izango dute ekitaldira joateko aukera. Zarauzko Udal Euskaltegiko ikasleek ere entzun ahal izango dute bakarrizketa, baina horretarako, izena eman beharko dute aldez aurretik (625 485 215).

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!