"Ondo moldatu nintzen alabarekin, ohituta bainago telelanera"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2020ko aza. 13a, 09:40
Nerea Lopetegi. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Koronabirusak goitik behera aldatu du gizartea, eta egunerokotasunari eusteko amek egin duten lana argi islatzen dute Diana Benitezen, Nerea Loiolaren eta Nerea Lopetegiren testigantzek. 

Koronabirusaren izurriak agerian utzi ditu gizarte antolaketaren hutsuneak, eta, beste behin, emakumeek erakutsi dute jendartearen ongizateari eusteko zutabe garrantzitsua direla, baita ezjakintasunean murgildutako garaian ere. Izurritearen alderdirik ezkutuena ezagutzeko, hiru amen ahotsa jaso du Urolako Komunikazio Taldeak. Ezinezkoa da erreportaje berean errealitate guztiak islatzea, baina Diana Benitezen, Nerea Loiolaren eta Nerea Lopetegiren bizipenek emakume askok azken hilabeteetan bizitakoa erakusten dute.

NEREA LOPETEGI
Gehienentzat telelana izurritearekin batera iritsi bada ere, Nerea Lopetegi oriotarrak urteak daramatza modu horretan lan egiten. Izan ere, mundu guztian zehar kooperazio proiektuak zuzentzen dihardu, eta ohituta dago etxetik lan egitera. "Etxeratzeko agindua ezarri zutenean,  ezustean harrapatu ninduen albisteak, ez bainengoen gaiaz batere informatua. Hala ere, lasaitasunez hartu nuen erabakia, niretzat nahiko normala delako telelanean aritzea". 11 urteko alaba dauka, eta uste du hura ere "nahiko ondo" egokitu zela egoera berrira, "beti ikusi nauelako ordenagailu aurrean lanean eta bilera telematikoak egiten. Etxeko lanak eta bideo deiak egiten zituen, eta iruditzen zait berari ere grazia ematen ziola ama bezala lanean aritzeak".

Ama-alabek ordutegiak zehaztu zituzten eguna antolatu ahal izateko: goizean, bakoitza bere lanean murgiltzen zen; arratsaldean, elkarrekin jarduera desberdinak egiten saiatzen ziren, eta gauean, alaba lokartzen zenean, aprobetxatzen zuen amak lanean jarraitzeko. Ama bakarra da Lopetegi, eta alaba txikia zenetik antolatu izan da horrela: "Txikia zenean, siestan zegoenean eta iluntzetan lokartzen zenean aprobetxatzen nuen lan egiteko", adierazi du.

Itxialdia egoera konplexua izan bazen ere, aitortu du uste zuena baino hobeto antolatu zirela etxean. «Biok bakarrik bizi gara, eta normalean aiton-amonen, anai-arreben eta lagunen laguntza izaten dut egunerokoan moldatzeko, nire lana dela eta bidaiatzea tokatzen zaidalako. Dena dela, izurritearekin eten egin ziren bidaiak, eta etxean nengoenez, lasaiago ibili gara». Hain zuzen ere, martxoaren amaieran Guatemalara joan behar zuen oriotarrak, kooperazio proiektu bat ebaluatzera, eta bertan behera geratu zen bidaia.

Hala, Lopetegik uste du itxialdiak gizartea murgilduta dagoen erritmo bortitza eteteko ere balio izan zuela. "Erritmo bizian bizi gara, eta haurrek ere, gu bezalaxe, jarduera piloa dituzte: eskola, eskolaz kanpoko jarduerak, etxerako lanak eta lagunekin irteerak... Iruditzen zait haurrek ere gustura hartu zutela denboraldi bat familiarekin batera etxean egotea; nik horrela bizi izan dut, behintzat". Dena dela, aitortu du konfinamenduaren bukaera hurbiltzen ari zen heinean, ateratzeko beharra sentitu zutela, "lanean egon eta oporrak gertu ikusten ditugunean bezala". Itxialdian ondo moldatu baziren ere, berriz konfinatzeko agindua ezarriko balute, desberdina izango litzatekeela uste du oriotarrak. "Udaberrikoak ezustean harrapatu gintuen eta azkar egokitu behar izan genuen egoera berrira, pentsatzeko denbora gehiegirik gabe. Gainera, hamabost egunero luzatzen zuten itxialdia; hasieratik bi hilabetez etxean sartuko gintuztela esan izan baligute, desberdina izango zatekeen".

Diana Benitez: "Muturreko egoeretan, garrantzitsua da laguntza eskatzea"

Diana Benitez Sabogal eta bere senarrak urteak daramatzate Zumaian bizitzen, hiru seme-alabekin batera. Eskualdeko familia askori gertatu bezala, izurriteak eragin zuzena izan du Diana Benitez Sabogalen etxean ere. "Gurpila behar den bezala biraka dabilen bitartean, bizitza aurrera doa, baina bat-batean geratzen denean, orduan sortzen dira buru-hausteak", azaldu du. Udaberrian, eskolak itxi zituztenean, lana eta zaintza uztartzeko antolatu behar izan zuen bikoteak. "Oporrak hartzea erabaki nuen, haurren zaintzaz, eskolako kontuez, otorduez eta etxeko lanez arduratu ahal izateko. Egun batetik bestera, guztia nire gain geratu zen", adierazi du.

Ondoren, oinarrizkoak ez ziren jarduera ekonomikoak ixtea erabaki zutenean, aldi baterako erregulazio espedientea ezarri zieten senar-emazteei lantokietan, eta hainbat hilabetez etxean egon dira. "Ziurgabetasun uneak izan ziren, ez baikenekien noiz bueltatuko ginen berriro lanera. Dena dela, horri eskerrak seme-alabekin batera etxean itxita egoteko aukera izan genuen; ez dakit nola moldatuko ginatekeen bestela. Guk zortea izan genuen, lansaria ondo jaso genuelako, baina ezagutzen ditut familiak ekainean oraindik diru-sarrerarik izan ez zutenak. Horrek antsietate handia sortzen du, alokairu edo hipoteka gastuak ordaintzen jarraitu behar delako", aitortu du.

Lehenengo asteak urduritasun eta estres handikoak izan zirela gogoan du Benitezek, baina, behin lanera itzultzeko baimena eman zutenean ere, askoren egoera ez zela samurtu adierazi du. "Lanera bueltatzeko esan ziguten, baina seme-alabek eskolarik gabe jarraitzen zuten. Senarrak eta nik ordutegiak moldatu ahal izan genituen, bietako bat etxean egon ahal izateko, baina derrigorrezko eszedentzia hartu zutenak ere izan ziren, seme-alabak zaintzeko inor ez zutelako".

Bestalde, haurren ikasketa prozesua etxetik jarraitzea ere familiarentzat erronka garrantzitsua izan zela azaldu du. "Hainbat zailtasun bat etorri ziren. Alde batetik, hiru seme-alaba dauzkagu eta etxean ordenagailu bakarra dugunez, hasieran zaila izan zen eskolako erritmoa jarraitzea. Dena dela, Zumaiako Herri Eskolan familia askok bizi genuen arazoa atzeman zuten, eta eskolako ordenagailu eramangarriak utzi zizkiguten, haurrek etxetik ikasi ahal izateko. Ez zen gure kasua izan, baina etxean Interneteko konexiorik ez zuten familiak ere baziren; horientzat egoera are zailagoa zen, ordenagailua utzita ere, ezin baitzuten konektatu".

Aldi berean, seme-alabei eskolako lanekin laguntzerik ez izateak ezina sortu ziola aitortu du kolonbiarrak. "Haurrentzat zaila izan zen metodologia berrira ohitzea, eta euskaraz ez dakidanez, ezin nizkien nahi bezala azaldu lantzen ari ziren eduki berriak. Hasieran, kaosa izan zen, eta haserre eta negar asko izan ziren etxean". Asteak pasa ahala, eta irakasleekin hitz eginda, egoera lasaitzen joan zela kontatu du Benitezek. "Konturatu ginen ezin genuela horrenbeste estutu, seme-alabak etxean bizi genuen tentsioaz ohartzen zirelako. Haurrek nahikoa bazuten etxean lagunekin kalera atera ezinik egotearekin, eta horri gure urduritasuna gehituz gero, egoera oso kaltegarria zen beraientzat".

Izurriteak oro har sortu duen egoera aztertzerakoan, komunitate izaeraren garrantzia azpimarratu du Benitezek. "Muturreko egoeretan, garrantzitsua da lotsa alde batera uztea eta laguntza eskatzea. Jende askok besteen aurrean zaurgarria sentitzeari beldurra dio, baina gertatzen zaiguna kontatzeak lasaitu egiten gaitu, eta arazoari irtenbidea emateko bideak irekitzen ditu, gainera. Ni, etorkina izateagatik, ez naiz sentitzen gainontzekoak baino zaurgarriagoa, izurriteak guztioi eragin digulako, sorlekua, arraza edo generoa kontuan hartu gabe». Era berean, azaldu du familia zuzenik ez badute ere, harrera familia dutela Zumaian. "Hona iritsi ginenean Aizarnazabalgo familia batek bere etxean hartu gintuen, eta ordutik familiakoak sentitzen gara; gure seme-alabek amonatzat dute bertako etxeko andrea". Horrez gain, Kolonbiako nahiz Zumaiako lagunak badituztela ere adierazi du; "elkar babesten eta zaintzen gara. Zorionekoa sentitzen naiz lagun sare ederra dugulako". 

Nerea Loiola: "Itxialdiaren lehen asteetan haserrea eta amorrua sentitzen nituen"

Eskolak ixteko agindua eman zutenean urduritasunak hartu zituen Nerea Loiola eta bere bikotekidea. Hasieran, bi asteko kontua izango zela esan bazuten ere, sumatzen zuten ezohiko egoera luzatu egingo zela. "Gaizki esanda, sentitu nuen sekulako marroia zetorkigula, eta bereziki niri zetorkidala, eszedentzian nengoenez, zaintza lana niregain hartu behar nuela ikusi bainuen, senarrak telelana egin behar zuelako", azaldu du Loiolak.

Egoera horren aurrean, egunerokotasunaren zentzua ez galtzeko, ordutegiak eta plangintza bat zehaztu zituzten etxean. "Hiru seme ditugu: nagusienak 10 urte ditu, tartekoak 4 eta txikienak hamabost hilabete zituen orduan. Desoreka handia zegoen, hirurak etapa desberdinean zeudelako. Zaharrena eskolan oso ondo moldatzen bada ere, nire laguntza behar zuen etxetik ikasteko; lau urtekoak beste behar batzuk zituen, eta bere orduak bete behar ziren etxean jarduera desberdinak eginez, eta aldi berean, txikienak oraindik ezin zuen jarduera horietan parte hartu. Margotzen hasten baginen, txikienak bestearen lana zapuzten zuen. Ordutegiak egin genituen, baina ez zen oso erreala".

Konfinamenduak sortu zuen egoera "ero" horretan, Loiolak aitortu du haserre sentitzen zela, hasieran. "Amorratuta nengoen eta asko kostatu zitzaidan horri buelta ematea. Ezintasun handia sentitzen nuen. Jakin badakit gure seme-alaben beharrak ezin ditugula osotasunean asetu; normalean, gauza txikiak geratzen dira bete gabe, baina egoera horretan sentitu nuen ezin niela eman behar zutena. Gainera, ez zen izan nik erabakitako zerbait, inposatu ziguten araudi zorrotzagatik baizik. Oso estu hartu gintuzten eta haserrea eta amorrua sentitzen nituen". Hala, apirilaren erdialdean edo, Loiolaren gorputzak erakutsarazi zion bide horretatik ez zuela ezer onik aterako. "Antsietate krisi bat izan nuen gau batean. Ohera sartu nintzen eta arnasa hartu ezinik geratu nintzen. Oso gaizki pasatu nuen, eta orduan konturatu nintzen beste jarrera bat hartu behar nuela". Bikotekidearekin batera gaiari heldu zioten, eta lehentasunak markatu zituzten. "Besteak zaintzeagatik ahaztu egin nuen neure burua, eta argi geratu zen nire burua zaindu behar nuela semeak zaindu ahal izateko. Gainera, konturatu nintzen nire esku ez zegoen egoera batean murgilduta geundela, eta haserretik eta amorrutik ez nuela ezer lortuko», azaldu du.

Asteak igaro ahala, egoera berrira moldatu zen familia. Loiolaren ustez "pertsonok egokitu egiten gara unean uneko testuingurura": "Kalera ateratzen utzi ziguten unean beste arnas bat sentitu genuen, itxialdiaren bukaera gertuago zegoela sentitu baigenuen. Dena dela, aitortu behar dut guk haurrak zertxobait kalera atera ahal izateko zirrikitu guztiak baliatzen genituela". Adibidez, etxe inguruan baserriko esnea erosteko makina bat dute, eta esnea erostera eramaten zituzten beraiekin. "Osasun kolektiboa zaindu nahi genuen, eta horretarako arduraz jokatu genuen, baina argi genuen gure osasuna ere zaindu egin behar genuela eta haurrak kalera ateratzeko baimena eman baino lehentxeago hasi ginen irteeratxoak egiten".

Orain, izurritearen bigarren olatuan murgilduta, badirudi itxialdiaren mamua zelatan dagoela berriro. "Etorriko da? Ez da etorriko? Beldur hori uxatu nahian nabil. Dena dela, ikasturtea antolatzerakoan familian hartu ditugun erabakiak, itxialdi berri bat etor daitekeela pentsatuz adostu ditugu. Nahiz eta esaten dudan ez dela gertutako, nire barruak dio gertatu daitekeela. Aurten lanean hastekoa nintzen, baina erabaki dugu eszedentzia beste ikasturte bat luzatzea, berriro etxeratzen bagaituzte senarra eta ni telelanean aritzea eta haurrak zaintzea ez direla bateragarriak uste dugulako", aitortu du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!