Kultur etxean eskuragarri daude San Nikolas eguneko bertso-saiorako gonbidapenak

Karkara 2020ko aza. 18a, 13:00

Saioa eguerdiko hamabi eta erdietan izango da, Karela Kiroldegian: Lujanbio, Egaña, Euzkitze, Sarriegi eta Uria izango dira kantuan, eta Unai Manterola arituko da gai jartzaile. 240 lagunentzako edukiera mugatua izango du emanaldiak.

Aurten ez da San Nikolas festarik izango, baina San Nikolas eguneko bertso-saioarekin aurrera egitea erabaki dute Orioko Udalak eta Errikotxia Orioko Bertsozaleen kultur elkarteak. Hogei urte betetzera doa ekitaldia eta afalostean egin da urtero-urtero. Aurten, ordea, eguerdiko hamabi eta erdietan iragarri dute herriko bertsozaleen urteroko zita. Ordu eta erdi inguruko saioa aurreikusi dute antolatzaileek, bazkal denborarako ondo amaitzeko.

Aner Peritz, Eguzkitze, gazte zarauztarra da aurtengo boskotean nobedadea. Xabier Eguzkitzeren semea Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari txapelduna da eta Errikotxiako gaztetxoen irakasle ari da irailaz geroztik. Ondoan izango ditu Andoni Egaña herrikidea, Maialen Lujanbio hernaniarra, Aitor Sarriegi beasaindarra eta Jone Uria getxoztarra. Unai Manterolak jarriko ditu bost bertsolarientzat gaiak.

240 gonbita Kultur Etxean

Segurtasun-arau guztiak beteta egingo da saioa. Udalak abendurako antolatu dituen gainontzeko ekintzen protokolo berbera jarraitu dute Udalak eta Errikotxiak. Urtero jende asko biltzen da Karela kiroldegian; baina aurten 240 bertsozale bakarrik sartuko dira ekitaldira. Gaurtik aurrera kultur etxean doan hartu daitezke gonbitak; bakoitzak bi, gehienez. Saioaren egunean gonbitean markatzen duen atetik sartuko dira entzuleak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!