Bukatu dira Mendibeltz futbol zelaiko belar artifiziala berritzeko lanak

Karkara 2020ko aza. 21a, 11:00

Iraila eta urria belar artifiziala aldatzeko baliatu zituzten, eta azaroan azken lan txikiak eta FIFAren homologazioa lortzeko tramiteak egin dituzte. 323.286,70 eurotan likidatu da obra.

Dagoeneko guztiz bukatuta daude Udalak Mendibeltz futbol eta softbol zelaian belar artifizial berria jartzeko egin dituen lanak. Fielturf-Poligras enpresak egin ditu, Udalak deitutako lehiaketa publikoa irabazi eta gero. Irailaren 8an hasi ziren lanak eta urriraren 30ean bukatu ziren. Azaroan azken xehetasunak bukatzen aritu dira eta FIFA homologazioa lortzeko probak egin dira.

Obren aurrekontua, adjudikatu zenean, 300.106,52 eurokoa zen. Gero, zenbait lan gehigarri ere egin dira eta, azkenean, 323.286,70 eurotan likidatu da obra. Beraz, egindako lan gehigarri horiekin, % 7,7 handitu da kostua.

Lan gehigarriak

Egin diren aparteko lan gehigarri nagusiak hauek izan dira:

  • Ureztagailu guztiak berritu dira (guztira, 7)
  • Drenaje perimetraleko saretak berritu dira
  • Hautsitako sare perimetrala berritu da eta softboleko oinarriak eta babesak ere bai

Aurreko belar artifiziala 2006an jarri zen eta, beraz, 14 urte iraun du.

Udalak, bestalde, zelaia itxita zegoela aprobetxatuz, konponketak egin ditu harmailetako kristalezko sabaian eta barandak jarri ditu, ikusleen segurtasuna hobetzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!