Aho batez onartu ditu Orioko udalbatzak 2021eko udal aurrekontuak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko aza. 28a, 09:02

Lau udal taldeen ekarpenak biltzen ditu 2021eko udal aurrekontuak. Hala, 8.373.289 euroko  aurrekontua izango du Orioko Udalak 2021ean, eta herritarren ongizateari lehentasuna ematea izango du helburu.

Ostegun iluntzean azaroko ohiko udalbatzarra egin zuten Orion, eta 2021eko udal aurrekontua onartu zuten, aho batez. EAJko bozeramaile Lourdes Salsamendik azaldu zuenez, jeltzaleek aurrekontuen alde bozkatu zuten "Orioren alde lan egiteko konpromisoa" dutela arrazoituta. Hala, aurrekontuan EAJ udal taldeak egindako ekarpenak biltzen direla ere zehaztu zuen Salsamendik: "Uste dugu baliagarriak izango direla oriotarren egunerokotasuna hobetzeko. Berdintasunetik, Orio irisgarri, inklusibo eta lehiakor bat eraikitzen jarraitu nahi dugu oriotar guztiontzat". Dena dela, EAJko bozeramaileak gogoratu zuen badirela aurten egin ez diren proiektu batzuk; herri baratzak eta parke estalia, esate baterako. "Herri baratzek emango duten zerbitzuaz gain, berdegune garrantzitsu bat berreskuratzea ahalbidetu dezakete. Eta parke estalia uste dugu ezin dela gehiago atzeratu".

EAJk egindako proposamenak aipatu zituen hitzartzean Salsamendik, eta zpimarratu zuen "herritar guztien ongizatea" kontuan hartu dela 2021eko aurrekontuak egiterakoan, eta "lan asko" egin dela herritar zaurgarrienak babesteko.

Iritzi berekoa da Ana Priede sozialista ere. "2021eko ongizateko partida guztiak handitu dira eta oso garrantzitsua iruditzen zait, ez duelako ezertarako balio kaleak apain eta ekipamendu onak izatea, herritarren oinarrizko beharrak asetu ezin badira . 2020rako ere gauza bera egin genuen, eta horri esker COVID-19ak sortutako egoerari aurre egin ahal izan diogu".  Inbertsioei dagokionez, Priedek nabarmendu zuen udalbatza osatzen duten talde guztien ekarpenak biltzen dituela aurrekontuak, eta hoi horrela izan dadin Anuska Esnal alkateak egindako lana nabarmendu zuen. 

Orain taldeko bozeramaile Jose Angel Iparragirrek lehenik eta behin Orain plataformako kideei eskerrak eman zizkien aurrekontua lantzerako orduan jaso duen babesagatik. Ogasun batzordean parte hartzen duten zinegotzien lana ere azpimarratu zuen: "hasieratik ikusi zen denon ekarpenak jasoko zituen aurrekontuak nahi genituela. Guretzat oso erraza izan da lan egitea, hasieratik proposatu ziren aurrekontuak guk egingo genituenak baino hobeagoak izan zirelako, eta egin genituen ñabardura eta eskakizunak ere onartu egin dira, gainera. Horregatik, ezinezkoa da aurrekontu hauei ezezkoa ematea edo abstenitzea", adierazi zuen.

Anuska Esnal alkateak azaldu zuen 2021eko aurrekontua prestatzerakoan udal talde guztiei ilusioa pizten zieten aurrekontuak egiten saiatu direla; "horrez gain, oso presente izan ditugu COVID-19ak herrian izango dituen ondorioak ere". Hala, Esnalek bi lan ildo azpimarratu zituen: aurrekontuak egiteko modua eta edukia. "EH Bilduko kideok aurrekontu proposamena egin genuen, baina hasieratik ezinbestekoa iruditu zaigu alderdi guztien artean eztabaidatzea eta osatzea. Guztioi eskerrak eman nahi dizkizuet izan duzuen jarreragatik. Aurrekontu gardenak izan dira, guztiok eskura izan dugulako informazioa eta hori benetan garrantzitsua da".

Aurrekontuen edukiari dagokionez, nabarmendu zuen 2021eko udal aurrekontuetan pertsonen ongizatea izango dela lehentasuna. "2020rako laukoiztu egin genituen ongizate arloko partidak eta horrek eman digu aukera COVID-19ak sortutako egoerari aurre egiteko. 2021erako ere ongizate arloa indartu dugu". Bestetik, herria biziberritzeko plan estrategikoak bildu nahi izan dituzte aurrekontuan. "Udal kanpina indartu nahi dugu eta herria urte guztian zehar egin nahi dugu erakargarri, kulturaren aldeko apustua eginez. Bestetik, nahi dugu errioa Orioko ardatzetako bat izatea, eta helburu horrekin hainbat egitasmo abiatuko ditugu". 

2021eko UDAL AURREKONTUAk ZENBAKIETAN

Sarrerak: 8.373.289 euro

Gastuak: 8.373.289 euro
- Pertsonal gastuak: 3.403.097 euro
- Ondasun arruntak eta zerbitzuak: 2.599.787 euro
- Finantza gastuak: 30.000 euro
- Transferentzia arruntak: 1.292.994 euro
- Kreditu globala: 183.838 euro
- Inbertsio erreala: 482.716 euro
- Kapital transferentzia: 81.856 euro

Inbertsio errealak. Partida nagusiak:
- Saneamendu obrak Aritzaga: 9.458 euro
- Hilerria bide publikoa: 20.000 euro
- Inbertsioak bide publikoak: 136.000 euro
- Saneamendua San Nikolas kalea: 163.988 euro
- Margolanak, zirkulazioa eta aparkaleku antolamendua: 30.000 euro
- Zaraguetan inbertsioak 80.000 euro
- Haurreskolan inbertsioak 6.000 euro
- Karela kiroldegian inbertsioak 6.000 euro
- Kanpineko instalazioak 11.506 euro.
- Udal eraikinak 47.500 euro
- Brigadako eraikinean inbertsioak 11.694 euro
- Mendibeltz zelaian inbertsioak: 7.000 euro.
- Udaletxeko altzariak 15.000 euro
- Hiri altzariak 43.206 euro
- Zerbitzuen funtzionamenduari lotutako inbertsioak 305.348 euro
- Hiri antolamenduko plan orokorra 91.380 euro
- Gastuak izaera inmaterialeko inbertsioetan 103.398 euro
- Inbertsioak argiteria Aritzaga 12.000 euro

Horrez gain, hainbat partida ireki jaso dituzte aurrekontuan: Ortzaika eremua, Arrantzale kalea eta Antilla hondartza lotzen dituen bidegorria, Oribarzar-Txurruka, udaltzainen egoitza berria, padel pista estalia eta Mutiozabal proiektua, besteak beste. Hala, egitasmoaren bat egitea beharrezkoa ikusten bada kreditu aldaketa bidez osatu beharko da diru partida:

Inbertsio Plana 2021-2023. 2020ko aurrekontutik 2021ekora 2.142.497.99 euro pasako dira. Hona hemen hainbat partida:
- Aritzaga saneamendua 138.478,58 euro
- Aritzaga lurzorua 355.700,89 euro
- Aritzaga altzariak: 53.499,65 euro
- Argiterian inbertsioak 497.084 euro
- Hirigintza Kaia 241.856 euro
- Plan nagusia 27.595,42 euro
- Ikastola-Arantzazu-Arrantzale egitasmoa 45.000 euro
- Inbertsioak bide publikoak 120.000 euro
- Haur parkeak 12.000 euro
- Parke estalia egitasmoa 25.000 euro
- Herri baratzak 30.000 euro
- Haurreskolan emergentzia eskailera 175.750 euro
- Kosta Tailerreko igogailua 31.000 euro
- Orioko Itsas Ondarea sustatzeko egitasmoa 19.723 euro
- Mendibeltz argitegia 72.300 euro
- Skate parka 10.000
- Udaltzainen egoitza jartzeko eraikin erosketa 271.250 euro
- Inbertsioak eraikin publikoetan. Iturbide kalea 7 fatxada 32.659,85 euro 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!