Kolektibo femeninotik feministara

Karkara 2020ko abe. 5a, 11:00

Ahalduntze Eskolak eta Orioko Udalak antolatutako ‘Euskara eta emakumeak. Genealogia/begirada feminista bat’ hitzaldiak eman dio amaiera Euskaraldiari Orion.

Euskaraldiari amaiera emateko eta Euskararen Egunaren harira, Euskara eta emakumeak. Genealogia/begirada feminista bat hitzaldia antolatu zuten Ahalduntze Eskolak eta Orioko Udalak asteazkenean. Saioa Iraola Urkiola kazetaria, genero gaietan aditua eta Euskal Herriko Bilgune Feministako koordinazio lantaldeko kideak eskaini zuen saioa.

Hizlaria bere esperientziatik eraikitako genealogia feministetan barrena murgildu zen,»iraganari begirada bat emanez, etorkizunera begiratzeko». Izan ere, Iraolarentzat «ezinbestekoa» da norberaren testuinguruan gertatutakoa ezagutzea,
ulertzea eta aitortzea. «Hortik eraikitzen da errealitate berria».

Atzera begirada

Iraganerantz emandako jauzian XV. mendean kokatu zen. Lasturko Miliaren eresia ekarri nahi izan zuen gogora, indarkeria matxista aipatzen duen lehenengo kontakizuna baita.

XVII. mendearekin jarraitu zuen, Vicenta Moguel azkoitiarraren inguruan mintzatzen. Izan ere, Moguel izan zen lehenengo emakume euskalduna literatura inprimatzen. Jarraian, XVIII. mendean egin zuen Iraolak hirugarren geltokia. «Ahaztuak argitara» ekarri nahi izan zituen. Hala, mende horretako lanek bertsogintzaren jatorrian «emakumeek beren tokia» izan zutela adierazten dutela azpimarratu zuen. «Euskara eta emakumeaz ari bagara, transmisioan eta gordetze lanean, nagusiki, emakumeak egon gara», esan zuen.

Genealogien ibilbidea XX. mendean amaitu zuen, emakume Abertzaleen Batzaz hitz eginez. «Ideia feministak proposatzeko aldarrikapen ugari egin zituzten; nahiz eta momentuan ez ziren konsziente, su txiki batzuk piztu zituzten». Hartan, «aldaketa nabaria» egon zen emakumeak hezkuntzan sartzean, maistren lana «izugarria» izan baitzen hizkuntzan eta euskal kulturan. Hala, Iraolaren esanetan «kultura ez bada transmititzen euskarak ez du biziraungo». Eta emakumeak, horretan, «subjektu politiko aktibo bat» izan direla nabarmendu zuen. 

Komunitate feminista 

Mendez mende komunitate femenino horien lanak pixkanaka «indarra hartzen» joan ziren, hizlariaren esanetan, eta nolabaiteko «beharra» sortu zen euskal sormenezko kultura ikuspegi feminista batetik garatzeko. Sormenean murgiltzeak «komunitate femeninotik komunitate feministara saltoa ekarri zuen»,  musikan, bertsolaritzan, literaturan, eta, orokorrean, sormenezko kulturan. 

Feminismoa eta euskara

Pentsamendu feminista nagusiki gazteleraz sortu zela baieztatu zuen Iraolak. «Gaur egun ia gazte denak euskaradunak dira, baina orain dela 40 urte gazte askok gaztelania soilik zekiten, eta gazte horiek sortu zituzten mugimenduak». 

Bestalde, hasierako erreferente feministak gazteleraz izan zirenez, pentsamendua ere horrela eraiki dela adierazi zuen. «Gai gatazkatsua izan da hasieratik hizkuntzarena». Hala ere, azpimarratu zuen mugimendu feministak euskara erabili duela aldarrikapenak mahai gaineratzeko, «nahiz eta hizkuntzaren erabilera pertsonen araberakoa izan den, ez hainbeste mugimenduarena. Zumaian esaterako, euskaraz lan egiten zuten. Irunen, Donostian, Barakaldon, ez hainbeste». 

Hizkuntzaren egoera «garatzen» joan da, Bilgune Feministako kidearen esanetan. Gainera, uste du XXI. mendean praktika feministan zein euskararen mugimenduan «aldaketa nabaria» ari dela gertatzen, eta adierazi zuen garapen horretan «intentzio kolektibo» bat dagoela. Horrekin batera, euskal kulturan geroz eta «feminista gehiago» dagoela baieztatu zuen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!