Sorospen zerbitzuaren gaiari lehenbailehen heltzeko eskatu diote aldundiari kostako bost alkatek

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abe. 5a, 09:34

EH Bildu koalizioko bost alkatek aspalditik zekarten eskaera mahai gainean jarri dute berriro ere. Hondartzen kudeaketak udal horiei "sekulako gastua" suposatzen diela gogorarazi dute, eta lehenbailehen gaiari heltzeko eskatu diote Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuari.

2021eko hondartza denboraldira begira jarri dira Mutriku, Deba, Zumaia, Getaria eta Orioko alkateak.  Gutuna igorri diote Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuari, eskatzen “lehenbailehen heltzeko” hondartzetako sorospen zerbitzuaren kudeaketari. Bertan azaldu dutenez, uste dute momentua dela aldundiaren eta udalen arteko hitzarmenean EH Bilduk gehitu zuenari bide emateko; “ezin dugu gehiago itxaron”, esan dute. 

Honako hau jasotzen zuen hitzarmenak: “Gipuzkoako Hondartzen Lurralde Mahaia mantenduko eta dinamizatuko du, besteak beste, sortu daitezkeen kudeaketa arazoei irtenbide adostua emateko. Eta beharrezko lantaldeak atonduko ditu alor horiekin lotutako auziak jorratzeko. Bereziki sorospen zerbitzua amankomuntzea aztertuko duen lantaldea abian jarriko du, aukerak aztertu eta proposamenak landu ditzan, etorkizun hurbilean helburu hori lortzeko”.

Duela urte askotik ari da eskatzen EH Bildu kostako herrietako hondartzen sorospen zerbitzua aldundiak kudea dezala. 2019ko abenduan, Batzar Nagusietan ere egin zuen eskaera. EH Bilduk gaur gogorarazi duenez, “Orio, Mutriku eta Hondarribiako udalbatzarrek aho batez onartu zuten eskaera bera eta Getaria, Zumaia eta Deban, gehiengoz onartu zen. Baina EAJ eta PSEk atzera bota zuten ekimena”. 

Berriro gogorarazi nahi izan du koalizioak hondartzen kudeaketak “sekulako gastua” suposatzen diela udal horiei: “zerbitzuaren kostua oso handia da biztanleko”. “Getariaren kasuan, adibidez, aurrekontuaren %3,6az ari gara hitz egiten, eta horregatik eskatu dugu sorospen zerbitzuaren kudeaketak aldundiaren esku egon behar duela, Bizkaian aspalditik egiten den moduan”, azaldu du Haritz Alberdi Getariako alkateak. 

Amaitzeko, azpimarratu dute “bere horretan” jarraitzen duela arazoak eta, erantzunik garaiz eman ezean, “gero eta handiagoa” izango dela. “Eta ondorioak ez dituzte gure herritarrek bakarrik pairatuko, bertakoen eta mundu osotik datozen bisitarien segurtasunaz ari gara”, burutu dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!