Kronika: Larunbat iluntzean, halako batean, bazen garaia!

Jon Amenabar 2020ko abe. 7a, 11:56
Julen Alonso eta Eneritz Aulestia Orioko kontzertuan. (Facebook: Julen Alonso )

Jon Amenabar oriotarrak Julen Alonsok larunbatean eskaini zuen emanaldiaren kronika bizia egin du. Hala, Amenabarren hitzen bidez, kontzertuan bizitakoak sentitzeko aukera izango dute saioa zuzenean jarraitzeko aukera izan ez zutenek.

Julen Alonso herritarrak, bere proiektu pertsonala aurkeztu ahal izan zigun herritarroi Karela kiroldegian. Zaila dela norbere herrian artista izatea, baina letra guztiekin bete zuen Julenek. Egoeraren berezia dela eta, sarrera kopuru mugatuarekin egin zen emanaldia, ziurtatu beharreko babes neurri guztiak betez. Alde horretatik, zorionak eman saioa antolatu zuen Orioko Udalari. Herritarrek bizkor mugitu behar izan zuten sarrerak lortzeko, saltzen jarri eta 28 ordu eskasean, "Sarrerak Ahituta" kartela itsatsi baitzuen Imanolek, kultur etxean.
 
Larunbatean ere, arratsaldeko 18:30erako, jende ugari zegoen ateak ireki ordurako kiroldegi barruan. 19:00ak arterako azken minutuetan, tantaka tantaka, kiroldegiko eserlekuak bete egin ziren. Nola ez ba! Kanpoan hotza eta euria, eta barruan ere beroan sartzen nahikoa lan bazen.
 
Artista gutxik bezain puntual hasi zuen larunbatean kontzertua Julenek. Intro, Sutan Dantzan (diskoari izena ematen dion abestia) eta La Valse, ederki sartu ziren kontzertuaren hasieran, diskoko egitura berdinari eutsiz. Sutan Dantzan-eko Akelarrearen indarrak bizitasunez bete zuen ingurua, eta segidan gozo kulunkatu ginen La Valse kantuaren erritmoan. Kontzertu hasieratik geratu zen garbi zer ikuskizun ikusiko genuen, eta dantzarien presentziak zer indar emango zion saioari.
 
Ondoren, jarraian etorri ziren Musika eta Kultura (ederra musika zein hitzak, eutsi horri), Trakatran, Hondarrak eta Oihuka lanak. Hondarrak kantuan, askotan alboan izan duen Esti Markez igo zen oholtzara. Momentuka oilo-ipurdiak jarri zitzaizkigun ikusleoi Esti, Eneritz eta Julenen ahotsak elkartzean.
 
Kontzertuaren erdia ia eskainita, diskoari atseden emanaz, Julen eta Eneritz nondik datozen erakusten duten bi kantu jo zizkiguten. Bikoteak parte hartu zuen helduen azken trikitilari txapelketan jotako Trikitixa eta Arin Arina izan genituen gozagarri. Earrak! Nondik datozen eta nora doazen azaltzeko, izan ere, Julenen bi Ikasle igo baitziren oholtzara jarraian. Irakaslearekin batera, eroso sentitu ziren Udane Ostolaza eta Maitane Iturrioz, eta hiruren artean kanta borobila osatu zuten.
 
Diskoko kantuei berriz ekinik, Bizigoza-rekin iritsi zen lehen leherketa aldia. Trenera igo, aulkiak gogor heldu eta bizitza gozarazi ziguten bertaratu ginenoi. Jendearen txaloek eta kantuan entzuten ziren ahots ezberdinek, erakutsi zuten badakiela Julenek jendeari nola heldu. Segidan etorri ziren Ez egin Alde (bejondeizula Eneritz) eta Irune (ederra zortea kantu pertsonal bat edukitzea!).
 
Bukaera ere gertu zela antzematen zen jada kiroldegian. Publikoa bero-bero eta bereganatua zuen Julenek pianoan jarri eta Zin Dagit zoragarria eskaini zuenean. Zein ederra den beste inori zin egin aurretik, gure buruari zin egitea. Arimatik izan zen kontzertua amaitzeko aukeratu zuen abestia, eta berriz ere jendea txaloka topera jartzea lortu zuten taldekideek; erretiratu nahi zutenean, jendea borborka zegoen. Azken kantua jotzearekin batera, eta ia agertokitik jaitsi gabe zirela oraindik, "Beste bat, beste bat" oihuak zabaldu ziren pistan zehar. Azkar taularatu ziren berriz, azken irlandar moduko jiga batekin, Gudan, amaiera borobila eman zioten emanaldiari.
 
Zorionak taldekide guztiei, dantzariei, antolatzaileei eta nola ez, hiri Julen, eskainitakoa barruan jasoko diagu luzaroan. Hurrena ere berriz ikusiko gaituk, merezi duk eta!
 
Gehiagoren gosez geratu zenarentzat, oraindik badaude Sutan Dantzan diskoaren ale batzuk, webgunean. Gabonetarako opari ederra, 0 km eta Eusko Label kalitate ziurtagiriarekin.
 
Bejondeiala eta hire musikak azkenera arte bizirik sentiarazi gaitzala.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!