Isilarazitako gatazkak

Dorleta Agiriano Lai 2020ko abe. 10a, 19:13
Gizane Mendezona, Mila Arregi eta Noemi Iruretagoiena. Orioko eguneko zentroko langilea da Mendezona.

Lan-karga handia, baliabide falta nahiz ikara dira egoitzetako langileek egunerokoan topatzen dituzten lan-baldintzak. 246 egun egin dituzte greban, sektorea duin egitea aldarrikatzeko.

2008tik berritu gabeko probintzia-hitzarmen bat, 2016tik izoztutako lan-baldintzak zentro gehienetan, eta 2017tik blokeatuta dauden elkarrizketak. 5.000 langile inguru sektorean, 246 greba egun bi urtean, eta etengabeko protesta eta aldarrikapenak. Luze jo du jada Gipuzkoako adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako gatazkak: langileen borrokak bultzatuta, duela hiru urte hasi ziren probintzia mailako lan-hitzarmen kolektiboa adosten saiatzeko negoziazioak, baina oraindik ez dago akordiorik mahai gainean. Langileek behin eta berriz salatu dute entzungor egin dietela haien eskakizunei Gipuzkoako Foru Aldundiak nahiz zentroak kudeatzen dituzten enpresa pribatuek, eta borrokan jarraitzen dute "irtenbide" baten alde eta sektorea "duin egitearen" alde.

Beharginek grebara jo dute gaur eta atzo, azaroan eta urrian egin bezala. Atzo Zarauzko Lege Zaharren Enparantzan egin zuten elkarretaratzea Urola Kostako langileek, Helduen egoitzetan irtenbidea orain. Aldundia arduradun pankarta eskuetan hartuta. Lehen lerrora eraman zituzten berriz haien eskakizunak; alegia, sektorean "egiturazkoa" den "prekarizazioa deuseztatzeko neurriak".

"Lanaldiak osatzea" galdegin dute batetik; izan ere, "ebentualtasuna ikaragarria" dela azaldu du Janire Diaz ELAko ordezkariak: "Sekulako txandak egin behar izaten dituzte langileek, bikoiztuz edota hirukoiztuz. Zumaiako Otezuri egoitza da horren adibide garbia, oso altua baita behin-behinekotasun tasa". Bestetik, "borroka historiko" bati eusten diote oraindik ere: ratioak. "Langile gutxiegi gara zentroetan, eta izugarrizko lan-karga dugu", dio Noemi Iruretagoiena Zarauzko eguneko zentroko beharginak.

Gailurra pandemian

Langileek azpimarratu dutenez, aldaketa handiak izan dituzte ordutegian edota egin beharreko lan motan COVID-19a dela eta; adibidez, eguneko zentroetako langileak etxez etxe aritu izan dira lanean. Orokorrean, beharginentzat eguneroko ogia izan dira "Norbere Babeserako Ekipoen falta, beldurra, estresa, antsietatea edota informazio falta". Salatu dute, bestalde, egoitzetan  protokoloak sartu direla indarrean eta langileek ez dutela prestakuntzarik jaso, eta beste behin, "langileen gain" erori dela "karga guztia". "Hori guztia ez da ahazten; pertsonekin jolastu dute, eta arduradun politikoek egin dute hori", dio Diazek.

Hala ere, Irati Suarez LABeko ordezkariak dio "prekarizazio gehigarri bat" izan dela pandemia, eta "areagotu" egin direla beharginen "egoera eta lan-baldintza txarrak". Baldintza latzak eta lan-karga handia, hortaz, ez dira pandemia garaiko bereizgarri bat, Iruretagoienak azpimarratu duenez: "Orain altua da karga, baina lehen ere bai".

Seinalatu dute enpresa multinazionalek kudeatzen dutela sektorea, eta haiek ez dutela "aberastasuna lortzea beste interesik", Diazen esanetan: "Zenbakiak dira langileak, eta zer esanik ez adineko pertsonak". "Negozio bihurtu da hau, laugarren sektorea dira helduak", gaineratu du Gizane Mendezona Orioko eguneko zentroko langileak.

Protesta, debekatuta

Gipuzkoa osoko langileek duela bi urte grebara jo zutenean, %80eko gutxieneko zerbitzuak agindu zizkieten. Azkeneko greba deialdietan, egunotakoa tartean, pauso bat harago egin du Eusko Jaurlaritzak: %100eko gutxieneko zerbitzuak inposatu ditu. Mendezonak nabarmendu du horrek erakusten duela "baldintza minimoetan" ari direla lanean egunerokotasunean eta "benetan estuak" direla ratioak; "hainbeste, greba deialdi bat iristen denean ezin dugula greba egin leku askotan". "Ez dute nahi guk greba egiterik, eta murriztu egin digute eskubide hori", azaldu du Iruretagoienak.

"Sarri ardura hartzen duzu zure gain, greba egiteagatik. Pentsatzen duzu, agian, lanuztea eginda adinekoak alde batera uzten ari zarela. Baina ardura Aldundiarena da: hark kanporatu du zerbitzua", dio Mendezonak. Gainera, salatu du "elkarri pilota pasatzen" diotela Aldundiak eta enpresek, eta langileek "inoiz" ez dutela jakiten "non dagoen auzia eta nor den benetako arduraduna". Esaterako, adibide modura aipatu du 2019 azaroan hainbat neurri adostu zituztela, besteak beste, beharginek atzerakinak kobratzea. Hainbat egoitzetan, baina, langileek ez dituzte zenbateko horiek jaso oraindik, eta horren aurrean, "enpresek esaten dute Aldundiak ez dietela dirua eman", eta "Aldundiak ez du ezer esaten". "Guk ez dugu modurik jakiteko hori egia den edo ez, ez digute ezer esaten, eta babesgabe gaude", ohartarazi du Mendezonak.

Aldundiak orain esku artean omen dituen neurri berrien inguruan, Diazek adierazi du "berandu datozela" eta "ikusi beharko dela zerrekin datozen": "Seguru gaude lan-hitzarmenaz eta lan-baldintzez ez dela hitz egin". Mendezonak adierazi du "duin egin" behar dela sektorea "denborari nahiz baliabideei dagokienez", eta finean, horrek ahalbidetuko duela "adineko pertsonak ere duin egotea". "Nahi dugu, hitzarmen kolektibo baten bidez, Gipuzkoako zentro guztiek abiapuntu berdina izatea, guztiok lan-baldintza berdinak izan ditzagun", gaineratu du Orioko langileak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!