Uretatik lehorrera saltoa, errekor eta guzti

Aiora LarraƱaga Solaberrieta - Intza Unanue Arruabarrena 2020ko abe. 11a, 09:11

Joseba Saies Alzuak Espainiako errekorra hobetu du Britania Handiko eta Europako areto barruko arraun txapelketa kontinentalean.

Asteburuan, Britania Handiko Arraunketa Federazioak antolatuta, Britania Handiko eta Europako areto barruko arraunketa txapelketa kontinentala jokatu zen. Berezia izan zen, COVID-19a dela eta, parte hartzaileek lehenengoz beren etxeetatik arraun egiteko aukera izan zutelako, online.
Orioko Arraunketa Elkarteko Joseba Saies Alzuak parte hartu zuen txapelketan, 60-64 urte bitarteko mailan, eta bi proba jokatu zituen. Arraunlariak azaldu duenez, txapelketa etxetik egin ahal izateko «ergometroa ordenagailura konektatuta eta bideoz grabatuta» egin behar izan zuen proba. Alde batetik, 2.000 metroko proban Espainiako marka berria ezarri zuen Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariak, 06:58.8 denbora eginda. Aurreko marka 07:04.3 izan zen; bestetik, 500 metroko proban, 01:32.5 denboran osatu zuen ezarritako distantzia, eta 5. postua eskuratzeaz gain, bere marka pertsonala hobetu zuen: «niri erronkak gustatzen zaizkit, horregatik txapelketa honetako marka lortzea, nire helburu pertsonaltzat hartu nuen».
Online egin duen lehenengo txapelketa bada ere, ez da lehia honetan parte hartzen duen lehen aldia, pasa den urtean Parisen izan baitzen munduko txapelketa jokatzen; 14. postuan amaitu zuen hura.

Uretatik lehorrera
Piraguista eta arraunlaria izandakoa da Saies. Orain dela hiru urte, ordea, «gaixotasun larri bat» aurkitu zioten eta hartutako botiken ondorioz zaildu egin zitzaion ur kiroletan jorratzen ari zen bidea jarraitzea. «Uretara jaisten nintzen bakoitzean zorabiatu egiten nintzen». Egoerak hala eskatuta,beraz, ura alde batera utzi eta ergometroan entrenatzeari ekin zion. 
Horretarako OAEko bi kideren «ezinbesteko» laguntza izan zuen, Ibon Urbieta eta Jabier Puertasena, hain zuzen, babesa emateaz gain, teknika «erakutsi eta zuzendu» baitzioten.

Erronka batetik bestera
Asteburuan lortutakoa arraunlariarentzat garaipen garrantzitsua izan bada ere, ez du nahikoa Saiesek, «markak gainditzen jarraitzea» baita orain bere xedea, horregatik, hurrengo erronka ere jarri dio, jada, bere buruari: Espainiako beteranoen txapelduna izatea. 
Bi aldiz munduko txapeldun izan zen Ekaitz Saies piraguista izandakoaren aita da Joseba Saies Alzua. Gipuzkoako Piraguismo Federazioan egiten dute lan biek, eta federazioak egoitza du Arraunetxen; beren denbora librean bertan entrenatzen dute aita-semeek. Oriotar askok ez dituzte ezagutzen, baina Arraunetxen entrenatzen dutenen artean aski ezagunak dira. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!